Eskualdea

Aste Santuan Donostialdeko hainbat leku bisitatzea proposatu du Behemendik

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 6a

Donostialdeako gastronomiaz, kulturaz eta naturaz gozatzeko eskaintza egin du Behemendi elkarteak. Aste Santuko oporraldiari begira luzatu du hainbat leku bisitatzeko gonbita. Horien artean dago gure herritik gertu dagoen Donostiako Hipodromoa.

Hernaniko Chillida-Leku museoa da zerrendan proposatu duten bisitatzeko lehen lekua. Eduardo Chillidaren obra jasotzen duen aire zabaleko museoa da,  Zabalaga baserriaren inguruan dagoena. Tamaina handiko 40 eskultura bisita daitezke bertan, eta hamabi hektareako zelai batean dago kokatuta. Gainera, tamaina txikiko ehun lan baino gehiago ere ikus daitezke eta 50 urteko lanean sortutako marrazkiak ere bai.

Ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan dago zabalik, 10:00etatik 17:00etarako ordutegian, eta prezioak aldakorrak izan daitezke adinaren arabera. 8 urtetik berakoentzako doakoa da museorako sarrera eta 18 urtetik beherakoentzat 6 euro balio du. Helduek 12 euro ordaindu behar dituzte sartzeko, eta hamar pertsona baino gehiagoko taldeentzat, ikasleentzat eta 65 urtetik gorako bisitarientzat 10 euro balio du sarrerak. 

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak reservas@museochillidaleku.com ataria bisitatu dezake, edota 943-33 59 59 telefono zenbakira deitu. 

Andoaingo Plazaola-Leitzaran bailaran ere proposatu ditu Behemendik bisitatzeko hainbat leku. Uraren interpretazio zentroa da horietako bat, bisita gidatuak egiten dituzte. Horrekin batera, bizikletak alokatzeko aukera ere badagoela jakinarazi du elkarteak; hiru orduz alokatzeak hamabost euroko kostua du, eta sei orduz edo egun osorako hartzeak, berriz, hogei eurokoa. Ibilbide Tematikoak ere proposatu dituzte; Leitzarango biotopo eta inguruko fauna eta flora, kultura eta mitologia ezagutzeko aukera izango dute interesatuek. Adin eta gaitasun mailaren arabera, iraupen desberdineko ibilbideak proposatzen dituzte. Horrekin batera, Gidaritza zerbitzua ere badago; Leitzarango bailara eta biotopoa ezagutzeko oinez eta bizikletako gidaritza zerbitzua eskaintzen du Leitzarango bisitarien etxeak. 

Leitzaran Ferrata Bidea ere izan daiteke beste aukera bat. Leitzarango bailara gaur egunera arte ikusi ez den ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera paregabea da. Natur ingurunearen sekretuak, bailarak dituen ezaugarri bereziak, kondairak eta beste hainbat konturen berri izan dezakete bisitariek. Gida batek lagunduta ezagutuko dituzte horiek,  ferrata bidea egiten dugun bitartean. Leitzaran ibaiaren ibilguan hasi eta ibilbidean zehar, intereseko lau geldialdi proposatzen dituzte, bertan esperientzia ezberdinen laguntzaz Leitzaran bailara gertutik sentitu eta ezagutu ahal izateko. Ibilbidea markatzen duen segurtasun lerro baten bidez, ferrata bidean aurrera egiten lagunduko diguten grapa, presak, eskailera, arrokak eta abar topatuko dituzte, bost horma bertikal igarotzeko. Bertan parte hartzeko ezinbestekoa baldintza batzuk bete behar ditu bisitariak, honako hauek: gutxienez 140 zentimetroko altura izatea eta gehienez 120kg-ko pisua. Arropa eta oinetako egokiak eramatea ere nahitaezkoa da. Honako hauek dira prezioak: tarifa orokorrak 35 euroko kostua du, baina andoaindarrek, aldiz, hamalau euro ordaindu behar dituzte. Jarduera horretan parte hartzeko erreserba aurrez egitea ezinbestekoa da. 

Aste Santuko nahiz Pazko Asteko ordutegia ere ezagutarazi dute. 10:30etik 18:00etara egongo da irekita, egunero. Informazio gehiago nahi duenak 943-30 09 29 telefono zenbakira dei dezake, edo  info@leitzaran-andoain.eus helbidera idatzi. 

Oria ibaian barrena

Aginagatik Oriora, Oria ibaian barrena kaiak jaitsiera egiteko proposamena ere ezagutarazi du Behemendik. Familian egiteko jaitsiera da, publiko guztiei zuzenduta, aurretiko jakintzarik ez da behar, baina igeri egiten jakitea beharrezkoa da. Gutxieneko taldea osatu behar da jarduerak aurrera egiteko, 4 pertsonakoa. Hiru ordu eta erdiko iraupena du eta marearen araberako ekimena dela ere kontuan hartu behar da. 39 euroko kostua du pertsona bakoitzeko begiralearekin batera egin nahi bada,  eta 25 eurokoa pertsona bakoitzeko, begiralerik gabe kontratatzen bada. Prezioak barne hartzen ditu kayak bikoitza, pala, txalekoa, bidoi bat kayak bakoitzeko, neoprenoa, arropa eta erantzukizun zibileko asegurua. 

Bestelako hainbat jarduera eskaintzen dituzte:

  • Arraun pote, multiremo, big sup.
  • Alokairuak: Trainerak, Big Sup, kayak, sup.
  • Gidatutatko jarduerak: “Euskal istorioak” marinel, merkatari eta balezaleen arrastoetan barrena. 

Informazio gehiago eskuratzeko eta erreserbak egiteko 657 79 46 77 telefono zenbakia edo info@begi-bistan.com  helbidea jarri dituzte eskuragarri. 

Sagardoa eta sagardotegiak

Astigarragako Sagardoetxera joateko aukera izango da, hain zuzen ere, Aste Santuan sagardoaren kulturaz gozatzeko, Sagardoetxeak plan bereziak prestatu baititu. Museoak bisitatzea, inguru naturaletan paseatzea, sagardotegietan edota jatetxeetan otorduak egitea, sagardo eta pintxo dastaketak eta tourrak bizikleta elektrikoetan.

Sagardoa eta Euskal Herriko gazten dastaketa ere deitu du datozen jai egunetarako. Aste Santuan Sagardoetxeak ondo uztartzen duten bi produktu gastronomikoen dastaketa eskainiko du. Sagardoetxeako ohiko bisita gidatuaz gain, Euskal Herriko gazta ezberdinen dastaketa eskainiko du: Idiazabal J.I. gazta, Iraty J.I gazta eta Roncal J.I. gazta dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Prezioak ere ezagutarazi dituzte. Helduak: 6,50 euro ordaindu beharko dituzte bisita gidatua eta dastaketaren truk. 0-9 urteko haurrentzat, aldiz, doakoa da sarrera, baina heldu batek lagunduta joan beharko dute. 10 eta 17 urte bitartekoentzat, ordea, 4,50 euroko prezio du sarrerak; bisita gidatua, sagar muztioa eta gazta dastaketa barne. 

Erreserbak egin edota informazio gehiagorako honako bideak ezagutarazi dituzte: 943-55 05 75  telefono zenbakia eta  info@sagardoarenlurraldea.eus helbidea. 

Eta sagardoa aipatuta, sagardotegietara joan ahal izateko Sagardotegien bilatzailearen berri ere eman du Behemendik.  Gastronomia leku horietakoren batera joateko eguna aukeratu, ordua, pertsona kopurua eta nora joan nahi duzun eta bilatzaileak zein sagardotegitan dagoen lekua esango dizu. Ondoren erreserba online egiteko aukera ere emango du.

Hernaniko hirigunea

Hernaniko hirigune historikoa ezagutzeko parada ere izango da. Bisita gidatuak egiten dituztela jakinarazi du Behemendik eta armarriak, dorretxeak, garaiko gizartearen berezitasunak... Hernaniko hirigune historikoa monumentu-multzo izendatu dute. 

Larunbatetan eta igandetan goizez eta Aste Santuko ostiralean izango da bisita gidatua egiteko aukera. Ordu eta laurdeneko iraupena izango du eta 11:30ean hasiko da. Gutxienez pertsona bat edo biko taldea osatzea nahitaezkoa izango da jarduera egin ahal izateko, eta doako jarduera den arren, erreserba egitea eskatzen dute antolatzaileek. 

Informazio gehiago jaso edota erreserbak egiteko 943-33 70 28 telefono zenbakia edo turismoa@hernani.eus  helbidea jarri dituzte eskuragarri. 

Frotoia eta hipodromoa

Galarreta frontoia ezaguna bada, erremonteagatik da. Egun batez erremontista izateko aukera eskaintzen dute gainera. Jolas lekura jaitsi, eta pilotaren abiadura eta saski bat eskuan izatearen sentsazioa gure pilotarietako baten ondoan bizitzeko tarteaz gozatu ahal izango dute interesatuek. Horrez gain, frontoia nolakoa den eta bere historia ere azalduko diete, baita erremontearen araudia eta nola jokatzen den ere. 

Larunbatero egingo dituzte bisita gidatuak, 14:45etik 16:30erako ordutegian. Saioa amaituta, nahi adina denbora geratzeko aukera dute bertaratzen direnek, 16: 00etatik eta 20:00ak aldera arteko partidak ikusten.Informazio gehiagorako 943-55 10 23 telefonora dei daiteke edo www.galarreta-jaialai.com ataria bisitatu.

Lasarte-Oriatik gertu dagoen Donostiako Hipodromoak aurkeztu du udaberriko zaldi lasterketen egitaraua. 20 lasterketa izango dira, apirileko 4 ostiraletan banatuta (1, 8, 15 eta 22), eta 11: 35ean hasiko dira.  Programa osoaren berri izan nahi duenak www.hipodromoa.com  ataria bisita dezake, edo 943- 37 32 40 telefonora deitu.