"Printzipioz, 450 plaza eskainiko ditugu, eta izena eman dutenen hurrenkera izango da horiek esleitzeko irizpidea", nabarmendu du Antxordokik. "Lasarte-Orian erroldatuak dauden haurrek izango dute lehentasuna". Edonola ere, herrian erroldatuta ez baina herriko ikastetxeren batean ikasturte hau egiten ari diren haurrak ere matrikulatu ahal izango dira. "Plaza guztiak beteko ez balira, baldintza horietako bat bera ere betetzen ez duten haurrek ere izena eman ahal izango dute".
Uztailean eta abuztuan
Udalaren udako txokoek bi txanda izango dituzte aurten ere, uztailean bat eta abuztuan bestea, eta bakoitzean bi modalitate izango dituzte aukeran herritarrek: hiru ordukoa (10:00etatik 13:00era) edo laukoa (09:00etatik 13:00era). Gaztetxoa Haur Hezkuntzan ikasten ari bada eta Maialen Chourraut kiroldegiko bazkide, 105,30 euro edo 141,40 euro ordaindu beharko ditu, segun eta zenbat orduko txanda aukeratzen duen. Aldiz, Lehen Hezkuntza egiten ari bada eta ez bada kiroldegiko bazkide, 121,40 euro edo 157,55 euro. Txokoak Sasoeta zein Garaikoetxea eraikinetan egingo dituzte.
Gizarte larrialdietako laguntzak jasotzen dituzten herritarrek gainerako udal zerbitzuetan dituzten hobari berak izango dituzte, %25 eta %100 artekoak. Bestalde, seme-alaba bat baino gehiago matrikulatzen den kasuetan ere hobariak izango dira: bi kide direnean, %10; hiru direnean, %30; eta lau edo gehiago badira, %50. 943-37 61 84 edo 644 53 32 70 telefonoetara dei daiteke informazio gehiago eskuratzeko.