Tximista Eguna ospatuko du Jalgik hilaren 30ean, egun osoz

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 6a

Patxuko Nice taldeak martxoaren 5ean jo zuen Jalgin.

Apirila ospakizun giroan itxiko du Jalgi kafe antzokiak: hilaren 30ean, larunbatarekin, Tximista Eguna ospatuko du lasarteoriatarrekin batera. Jateko eta edatekorik ez da faltako, ez eta oholtza gainera igoko denik ere: emanaldiak egingo dituzte Xilikona eta The Noise Makers taldeek.

Hauxe da Tximista Eguneko egitaraua:

  • 12:00etatik aurrera, bermuta eta urdaiazpiko moztailea.
  • 19:00etan, Xilikona taldearen kontzertua.
  • 20:30ean, The Noise Makers taldearen kontzertua.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Jalgira bertaratzen direnek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.

Kinadaren emanaldia

Osasun neurri gehienak bertan behera geratzearekin batera, pandemiaren aurreko martxa berreskuratzen ari da Jalgi. Martxo hasieran egin zuen 2022ko lehen kontzertua: Patxuko Nice laukotea gonbidatu zuen. Larunbat honetan beste laukote bat igoko da kafe antzokiko taula gainera, Kinada izeneko talde herritarra. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrera doakoa da.

Musika ekitaldiak ez ezik, bestelakoak ere itzultzen ari dira Geltoki kaleko kultur bilgune horretara: esaterako, martxoaren 27an Magma mia! bakarrizketa aurkeztu zuen Bea Egizabal umorista lasarteoriatarrak. Bestalde, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, Earra bertso eskolakoek jaialdia egingo dute ostiral honetan, 19:00etatik aurrera.