Martxoaren 31etik apirilaren 2ra, 36. IDM Berlin Para Swiming World Series proba lehiatu da Berlinen. Igeriketa egokitutako lehiaketa honetan nazioarteko kirolariak batu dira eta bertan izan da Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezo. 800 m. libre proban lortu du podiumeko lehen mailara igotzea, baina gainerako probetan lehen postuetan izan da. Gainera, bere markak ondu eta Espainiako lau errekor berri ezarri ditu.
Igeriketa taldeko kideak lau egunetan sei probatan parte hartu du. Estilo libreko 100 m., 200 m., 400 m. eta 800 m. probetan igeri egin du eta 100 m. bular zein 200 m. lau estilo probetan ere lehiatu da.
Sari gorena 800 m. libre proban lortu du Zubietako gazteak. 10.36,34ko denbora egin eta urrezko domina jantzi du. Alabaina, gainerako probatan ez da gaizki ibili eta finaletan izan da. 200 m. libre (2.27,72), 100 m. bular (50 m. pasea, 48,28 eta 100 m., 1.43,34) eta 200 m. lau estilo (2.58,75) probetan markak ondu eta Espainiako errekor berriak ezarri ditu. Eta 100 m. libre zein 400 m. librean ere bere marka pertsonaletatik gertu geratu da. Azken proba horretan, gainera, podiumetik pauso batera izan da; laugarren postua eskuratu du.
Lehiaketatik haratago, Buruntzaldea IKTko prestatzaileak pozarren daude Zudairek berriz ere bere ohiko mailan lehiatu delako. "Berlinen bere maila berreskuratu du (S8, SB7 eta SM8) eta hori oso albiste ona da," onartu dute.