Ongi hasi zen jardunaldia. Kadete 2. mailako neurketan Intzako Beñat Olazabalek Tolosako Goikoetxea izan zuen aurrez aurre eta 22-16 garaitu zuen. Lasarte-Oriako pilotaria nagusi izan zen arren, akats batzuk egin eta aurkaria markagailuan hurbildu zitzaion.
Jon Pello Artetxe seniorrak jokatu zuen bigarren norgehiagoka. Senior 1. mailako Hernaniko Salaberriren aurka jokatu zuen. Nahiz eta herritarrak partida ona burutu, azken minutuetan neurketak ihes egin zion herritarrari. Partida hasieran indarrak berdinduta zeudela ikusi ahal izan zen; bi pilotariek tanto politak egin zituzten. Alabaina, partida erdian Salaberriak jarraian hainbat tanto lortu eta tartea ireki zuen, 12-18. Artetxek ez zuen amore emango eta puntu batera geratzea lortu zuen, 17-18. Ahaleginak, ordea, ez ziren nahikoak izan. Hernaniko aurkaria azken tantoetan finago ibili zen; 19-22 irabazi zuen.
Jubenil 2. mailako pilotarien txanda izan zen azkenik. Lehenik, Peru Urdanpilletak Zazpi Iturriko Mugika garaitu zuen, 22-19. Partida berdindua izan zen arren, Urdanpilletaren kolpearen potentziak eta luzera jokatzeak etxeko pilotariaren alde jarri zuten markagailua.
Jubenilen bigarren neurketan, Haritza Diaz de Gereñuk partida zailagoari aurre egin behar izan zion. Oiartzungo Mitxelena nagusi izan zen. Hala ere, herritarrak ongi egin zion aurre egoerari eta defentsari sendoari esker, hamalau tanto egitea lortu zuen.