ESKUALDEA

Lanbide heziketa euskaraz egiteak "ate guztiak" irekitzen dituela azpimarratu dute eskualdeko udalek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 5a

EAGIko ikasle talde bat, lanean.

Buruntzaldeko sei udalek 2022-2023 ikasturterako eskaintza aurkeztu dute, eta Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukeren berri eman. Euskarak enpresetan eta gizartean "gero eta toki gehiago" duela iritzita, herritarrak hizkuntza horretan formatzen jarraitzera animatu dituzte. Posta arruntaz edo ikastetxeen bidez eskuorriak banatuko dituzte.

Lasarte-Orian, adibidez, EAGI zentroan izango dute ikasleek Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera. Erdi mailan, bi ziklo egin ahalko dituzte: eraikuntzako teknikaria izatekoa edo barnealde, dekorazio eta birgaitze obretako teknikaria izatekoa. Goi mailan, aldiz, eraikuntza obrak antolatzeko eta kontrolatzeko goi mailako teknikaria izateko zikloa. Informazio gehiagorako, eagi@eagi.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-56 92 22 telefono zenbakira dei daiteke.

2022-2023 IKASTURTEKO ESKUORRIA

Euskara ongi jakitea, "erabakigarria"

Eskualdeko udalek nabarmendu dute formatzen ari diren gazteen etorkizunean "erabakigarria" izan daitekeela euskara ongi jakitea, eta horretarako "ezinbestekoa" dela lanbide heziketako zikloa aukeratzeko garaian D eredukoa lehenestea. Horrez gain, ikasketa horiek euskaraz eginez gero, B1 (erdi mailako zikloak eginez gero) zein B2 (goi mailakoak eginez gero) agiriak eskura ditzakete ikasleek.