Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da eta horixe egin dute Lasarte-Oriako hainbat elkartek eta eragilek. Euskararen aldarriaren erakusgarri den Korrika antolatzen laguntzeaz gain, kilometroa erosi dutenak ere batu dira kultur etxean.
Ongietorri gisa, Erketz EDTko dantzariek agurra dantzatu diete. Ondoren Earra bertso eskolako irakasle Lierni Rekondok bertso pare bat bota ditu. Lasarte-Oriaren euskalduntzeari buruz kantatu du lehenean, "aspaldi hasi genuen gure arteko iraultza / eta orain lehenesten dugu hizkuntzaren artisautza"; eta leloari helduta, ekintzaren beharraz, bigarrenean: "Amurriotik atera, Donostiaraino ekin / hizkuntza garena bada, babes dezagun hitzekin".
Maider Segurola kazetariak aurkeztu du ekitaldia. Aurtengo Korrikari buruzko zenbait datu eman ditu ondoren, haren "motorra zangoak baino gehiago mihia" dela gogoratuta. Gaurko hitzordua bertan parte hartuko dute herritarrekin bildu, eskerrak eman, eta bide batez, petoak banatzea zuen xede. Baita, noski, aurteko omenduei aitortza egitea ere.
Pailazoen aurretik, herriko beste bi kultur taldek egin dute emanaldia: Kukukako kideek Hitzekin dantzatu dute eta Xumelakoek bi abesti kantatu. Josu Txapartegi 'Txapas'-ek esan duenez, euskara txori bat bezala ikusten du eta "gauza gutxi izango dira munduan txori bat aske ikustea baino ederragoak". Aldapeko sagarraren abesten hasi dira eta amaitu gabe, Txoria, txori-ra salto egin dute, hasierakoarekin amaitzeko.
Datorren ostiralerako prestatutako ekimen zerrenda errepasatu du jarraian Segurolak eta 2019ko Korrika gogoratu dute TXINTXARRIko argazki batzuekin osatutako bideoaren bidez. Pailazoak irten dira, orduan, agertokira eta aitortza nola jaso duten azaldu dute. Duela urtebete baino gehiago jakinarazi zieten eta hunkituta bezain pozik daudela adierazi dute. Sudurgorriak omenduak badira ere, lan eginarazi diete: Biek izan dute kilometroa erosi dutenei dortsala emateko ardura. Banan bana igo dira 18 kilometroak osatzeko ardura izango duten 32 elkarteak. Porrotxek azalpentxoa edo eragile bakoitzari buruzko zerbait esan du, Marimototsek, berriz, besarkada bana eta Korrikan soinean eramango duten petoa eman die. Bertaratu direnekin talde argazkia egin dute.
Dantza gehiago izan dira oholtza gainean, baita pailazoentzako aintzatespen bideoa ere. Txiki txikiak zirela Bertan agertzen ziren haurrak koskortu dira jada eta horietako batzuekin Saturnino dantzatu dute. Azken txanpan, euskararekin izandako harremanaz mintzatu dira, Marimototsek barnetegian egindako egonaldia gogoratu du, baita Muntteri euskaltegiko garaiak ere. Irakasle izan zituzten eta bertan daudenei eskertza gisa Txoribox ekimeneko kabi bat eman diote Olatz Urdanpilleta irakasleari, hunkituta jaso du oparia; eta beste bat, AEKko kideei oparitu diete. Talde argazkia egin ondoren, elkarrekin ekaitza deitu dute (kanpoan inork gonbidatu gabe gogotik ari zuen kazkabarra) eta ondoren, gaur zortzi gertatuko denaren erakustalditxo bat egin dute. Gehienak agertokitik joan dira, Iñaki Dorronsoro eta Garazi Zinkunegi, ordea, bertan gelditu dira, esker hitz batzuk esateko. Horiek amaituta, Ttirriki Ttarrakako kideek itxi dute emanaldia.