22. Korrikak egin ditu jada bere lehen kilometroak Euskal Herrian barrena. Amurriotik (Araba) abiatu zen martxoaren 31n eta eskuz esku doa ikurriñadun lekukoa, Donostiara bidean. Hara iristeko bederatzi egun falta dira eta aurretik euskararen aldarria Lasarte-Oriara helduko da. Apirilaren 8an izango da eta ordurako dena prest egon dadin jo eta su dihardu Iñaki Dorronsoro Maiozek (Ataun, 1994) azken asteetan. Urtebete darama Muntteri AEK euskaltegian irakasle lanetan eta azarotik herriko Korrika eta Korrika Kulturala antolatzeko ardura gehitu dio ohiko zereginei. Urduritasunak atzean utzita, nekearen gainetik, ilusioa nabari zaio hizketan; baita esker ona ere herriko eragileekiko, elkarlanarengatik.
Korrika badator, urduri al zaude?
Urduritasuna pasatu zitzaidan, horretarako denborarik ez daukat... Orain lana eta lana eta lana da. Aurki badatorrela esan duzu, baina gurea hasi zaigu; martxoaren 22an izan genuen lehen ekitaldia. Urduri egoteko garaia pasatu zaigu.
Zergatik zara Lasarte-Oriako Korrika arduraduna?
Baten batek izan behar du... Korrika arduradun naizen lehen aldia da. Ilusio handiz ikusi nuen, zerbait oso polita eta oso potoloa antolatzeko aukera, eta norberarengandik ateratze hori handia da.
Ilusioz hartu duzula dirudi.
Hasieran bai, gero... Damutu ez, baina hortxe-hortxe. Kar, kar.
Zertan jardun zara?
Sentsazioa dut lana batez ere izan dela koordinazioa: AEK-ko goikoekin, gainerako Korrikekin, koordinazioa zentroekin, herrietako batzordeekin, udalarekin... Ping-pongeko pilota izatea tokatu zait.
Herriko hamaika elkarte eta eragilerekin aritu behar izan duzu, ezagutzen al zenituen?
Ez nituen ezagutzen, baina gozatua da beti jendearekin hitz egitea, are gehiago jendea Lasarte-Orian den bezala, kolaboratzeko eta gauzak egiteko prest dagoenean. Jendea gogotsu dagoenean, ezezagun guztiak dira lagun.
Noiz hasi zenuten lanketa?
Lehen zertzeladak, azaro aldean. Egiten genuen gauza bakoitzak zerbait zirudien, 'hau egin dugu, hau ere', eta gerora konturatzen zara zein gutxi genuen eginda. Ezin zelako egin, ezin zelako aurreikusi. Azaro bueltan hasi ginen, eta gero, esponentzialki handitzen joan da.
Zenbat eragilek parte hartuko dute herriko Korrikan?
Eragile pila batek parte hartuko du, denek! Horietatik kilometroa erosiko dutenak beste batzuk dira. Kilometroa erosi dutenak momentuz, 31 dira. Ez ditugu oraindik guztiak saldu, hau irakurtzen duen edozeinek oraindik dei dezake. Baina laguntzeko prest dauden eragileak hogeitik gora izan dira. Handia izan da.
Erantzuna ona izan da, beraz.
Bai, bai. Batez ere, lanerako, antolatzeko, gauzak prestatzeko jendeak zeukan borondatea... Gozatu bat, izugarria. Gero, kilometroen salmenta horretan behar dituzu eragile batzuk ekarpen ekonomiko bat egiteko prest daudenak eta hori zailagoa da. Jendeak lanerako gogoa badauka, baina, egia da, kilometroaren exigentzia beste bat dela; aukera falta zaie batzuei. Nire ustez, herriari ematen dioten guztiarekin, jendeak egin duen lanarekin... Zoragarria da.
"Erantzuna beti da ona. Bai, makarra gehiagorekin begietan, baina korri egiteko prest"
Zenbat kilometro dira guztira?
Aurten herrian banatuta hemezortzi kilometro aldaketa dauzkagu.
Zer ibilbide egingo du herrian?
Etorriko zaigu 07:11n Zubietatik. Oso goiz! Hipodromoko zubian sartuko zaigu, erdialdetik buelta bat egingo du eta joango da Oria aldera. Txartel hotelean buelta emango du, berriz erdigunetik pasa eta Zabaletara igoko da, Goiegitik jaitsiko da eta Urnieta aldera joango da mendian gora eginez.
Zer hartu duzue kontuan ibilbidea erabakitzerakoan?
Gauza pila bat: herrian zer ohitura dauden, aurreko Korriketan nondik pasatu izan den, herrian bertan nondik den polita pasatzea, badaudelako puntu batzuk gakoa direnak... Eman ziguten zer herritatik etorriko den eta zer herritara joango den, kontuan eduki behar izan dugu Zubietatik barrena datorrela eta Urnietarantz. Aurten zortea izan dugu saihesbidea, errepide potoloa, ez dugulako ukitu beharrik izan.
Ordua, ordea, akaso, ez da onena.
Ez da ordu erraza, baina ia inoiz ez da izaten, eta jendeak beti umorez hartzen du; eta
hori Lasarte-Orian nabari da. Aurten 07:11n datorkigu, baina beste urte batean goizeko 03:00etan etorri zen eta Zabaletako kideak kalera atera ziren pijama jantzita korrika egitera. Erantzuna beti da ona. Bai, makarra gehiagorekin begietan, baina korri egiteko prest.
"Zain zegoen jendea, bazekien korrika zetorrela eta gogotsu zegoen salto egiteko"
Gogotsu nabari al dituzu lasarteoriatarrak?
Bai. Bi urte eduki ditugu geldi samarrak eta Lasarte-Oria da herri bat oso-oso aktiboa dena. Bat-batean egin da dena... Dena antolatzen, dena beteta, jendea gauzak egiteko gogoarekin... Jendeari eman dio aitzakia bat, marko bat, gauzak atontzeko, gainera, Korrika den bezain ekitaldi potentea izanda... Utzi, utzi, herriak berak egiten du.
Eskatzen aritu beharrean, eskaini egin al dizute?
Eskaini denek eta inkluso eskatzera joan naizenean, erantzuna askotan izan da "tardatzen ari zineten!". Zain zegoen jendea, bazekien Korrika zetorrela eta gogotsu zegoen salto egiteko.
Korrika beraz gain, Korrika Kulturala ere antolatu behar izan duzu. Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?
Lehenik, jendearen parte hartzea. Beti honetara bueltatzen ari naiz... Batzordera etorri da klase guztietako jendea parte hartzera, antolatzeko gogoarekin, bakoitzak ahal duena emateko gogoarekin, batzuek zerbait konkretua, beste batzuek eskulana, beste batzuek ideiak eman dituzte, laguntza... Azpimarratuko nituzke martxoaren 22an egindako mahai ingurua, oso-oso baliotsua izan zena. Egitekoak ginen garagardo dastaketa, Bogak eta Saltusek badute tradizio bat euskararen eta hainbat ekimenen alde egin duten gauzekin eta haiek herrira ekartzea poz handia da. Nabarmentzekoa da ere Aranzadirekin antolatu nahi diren ekimenak, Joxe Mari Agirretxe eta pailazoen bidez. Ikastetxeetara ekarriko ditugu Txoribox ekimena egitera.
Hori lotu nahi izan dugu herrietan galtzen ari den biodibertsitatearekin, hizkuntzen biodibertsitibitatearekin. Oso polita izango da. Horrez gain, betiko gala eta Korrika Eguna.
Esan duzunaren harira ez dirudi oso beharrezkoa denik, baina, hala ere, anima itzazu lasarteoriatarrak Korrikan parte hartzera.
Lasarteoriatarrei esango diet eurentzako bat gehiago dela. Urtero antolatzen dute, urtero izugarria da. Eta, batez ere, eurena dela, eurek egiten dutela, herritik ateratzen dela, herriarentzat izaten dela. Eta goza dezatela euren buruaz, latza egin dute eta merezi dute. Gainera, aurten omenduak bertakoak izanda... Aurten tokatzen da inoizkoa izatea.