Pirritx, Porrotx eta Marimotots: "Inoiz amestu gabeko ametsa bete zaigu; aitortza berezia da"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 1a, 10:34

Argazkiak: Amaia Zabalo

Lasarte-Oriako pailazoak omendu ditu aurtengo 22. Korrikak. 35 urteko ibilbidea osatu dute sudurgorriek, eta hain zuzen ere urte horietan erakutsitako konpromisoa txalotu du AEK-k. Aitortzaren inguruan hitz egin dute TXINTXARRI-rekin

Sudur gorririk gabe, baina berezko maitasunez eta umorez jaso naute Porrotxek eta Marimototsek –Pirritxek ezin izan du bertaratu– Oria auzoan duten bulegoan. Karakterizaziorik ez, baina zalantza izan dut hainbatetan pailazoak edo Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez ote ziren hizketan ari zirenak. Ahotsak pailazoenak ziren, eta hala behar zuten izan, beraiek baitira aurtengo 22. Korrikaren omenduak –horren gainean galdezka joan natzaie– , eta, hortaz, elkarrizketako galderak erantzun behar zituztenak. Gustura aritu gara solas eta solas, kantuan tarteka ere bai, hala erantzun baitituzte, noizbehinka, galderak. 
Mila-pila eskerrik asko!  ateak guretzat beti zabalik izateagatik.

22. Korrikako omenduak zarete. Nola jaso duzue aitortza hori?
Pailazoak: Guretzako oso handia da, emozio handiz bizi dugu. Jaso ditugun aitortza guztiak izan dira ederrak, baina berezia da hau, gure euskalduntzea erakunde horren eskutik ere egin dugulako. Betiko eramango dugu gurekin omenaldi hau, gure irri, kantu eta dantza guztietan. Amesten ez genuen ametsa bete zaigu; ez genuen pentsatu inoiz aitortza hau jasoko genuenik.

Aintzatespena guri egiten zaigu, baina gu bezala herrigintzan ari diren eragile eta herri elkarte eta kultura talde zein sortzaile askorena ere bada. Gure lana sortzeko kolaboratzaile sare zabala dugu eta ezin gara horiekin ahaztu: musikariak, abeslariak, bertsolariak, idazleak, ilustratzaileak eta abar.

Ez da AEK-k aintzat hartzen zaituzteten lehen aldia.
Pailazoak:
Hamaseigarren Korrikako mezua guk idatzi genuen. Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plazan amaitu zen Korrika, azken kilometroan lekukoa hartu eta idatzitakoa irakurri genuen. Oso gogoan ditugu une haiek ere; jendez lepo zegoen plaza. Oso hunkigarria izan zen.

Zuen euskalduntze prozesua, besteak beste AEKren eskutik izan dela aipatu duzue. 
Marimotots: Euskaldun berria naiz. Euskara ikasteko  lehen pausoak AEKrekin eman nituen, lehenengo ametsa euskaraz izatea lortu nuen arte. Gaztelaniaz ikasi nuen eta institutura heldu nintzenean hasi nintzen harremantzen euskaldunekin; sekulako inbidia sentitzen nuen euskaraz hitz egiten entzuten nituenean. Belarria jarri eta ez nuen ezer ulertzen; lotsa sentitzen nuen euskaraz hitz egiten zidatenei ezer ulertzen ez nienean. Horregatik erabaki nuen euskara ikastea eta Errigoitira, barnetegira joan nintzen.

Esperientzia hari esker lortu nuen euskara ulertzea. Handik Lasarte-Oriara itzuli nintzen eta kuadrillan ohitura aldaketa bat egin genuen. Euskaraz hitz egiten zuten lagunek ordura arte gaztelaniaz egiten zuten nirekin, baina handik aurrera lortu genuen niri euskaraz egitea. AEKn ere jarraitu nuen… zortea izan nuen inguruan euskaldunak izateaz. Prozesu hartan pailazoekin ere topo egin nuen eta beraiekin trebatu nintzen euskaraz. Euskara zen taldearen oinarri sendoetako bat eta izugarri eskertzen diet emandako laguntza guztia.

Euskararekiko nire ibilbidea ikusita, AEKren aldetik aitortza hau jasotzea sekulako saria izan da niretzako, handia, inoiz jaso dudan potoloena.
Porrotx: Mertxe AEKn euskara hutsetik ikasten hasi zen bezala, ni alfabetatu egin nintzen bertan. Institutu garaian hainbat galdera egin nizkion nire buruari: nor naiz, non bizi naiz, nola bizi nahi dut... eta horiei erantzunez erabaki nuen euskaraz bizi nahi nuela. Zoriontsu sentitzen naiz euskaraz bizi naizelako.

Aurten AEK-k zuen ibilbidea aitortu du, baina zuek ere eskaini dizkiozue hainbat lan Korrikari. Miresten duzue elkar.
Pailazoak: Bai. Egin genuen Tipi-tapa, Korrika diskoa eta urtebetez  ibili ginen, herriz herri ikuskizun horrekin. Txispun Korrika kanta ere argitaratu genuen, korrika txikiari, haurrei zuzenduta, uste dugulako beraientzat ere sekulako egitasmoa dela. Eskola guztietan lantzen dute Korrika, apaingarriak prestatzen dituzte, ateratzen dira korrika egitera... Guretzat AEK eta Korrika bereziak direlako egin genituen lan horiek, haiek egiten duten lana balioetsi nahi genuelako.

"Euskaraz hitz egiten norbera da onena; egiten den euskara da ederrena"

35 urte igaro dira pailazo taldea sortu zenetik. Euskaraz egin duzue zuen ibilbide guztia.  
Pailazoak: Sudurgorritik euskara, alaitasuna eta balioak zabaltzea eta transmititzea izan da helburua.  Gu hasi ginen garaian bazeuden pailazogintzan emanaldi elebidunak egiten zituzten taldeak, baina euskaratik sortu zen gurea eta hizkuntza horri zor zaio.

Inoiz eskatu izan dizkigute emanaldiak gaztelaniaz egiteko, baina guk ezetz erantzun izan dugu beti. Esaten genien haurrek ulertzen zutela euskara eta helduei begietatik sartzen zitzaiela ikuskizuna, lasai egoteko, ulertuko zutela.

Hasieratik euskaraz aritzea izan da gure apustua eta gaur egun inork ez digu galdetu ere egiten gaztelaniaz egin dezakegun; inori ez zaio horrelakorik bururatu ere egiten. Barneratu da Pirritx, Porrotx eta Marimotots euskaraz direla. Hori da zerbait natural bihurtzea, eta hain zuzen ere gure hizkuntzak hori behar du. Hori lortu behar dugu euskararentzat, egoera bat non gutxienez denok ulertzen dugun gure hizkuntza, horrek bermatuko baitigu denoi euskaraz egin ahal izatea.

Hain zuzen ere zuen 35 urteko ibilbidean erakutsitako "konpromisoagatik eta ekinagatik" omendu zaituztete. Ez da ibilbide makala orain arte egin duzuena.
Porrotx: 1987. urtean jaio zen taldea eta lehenagotik Olentzeroren etorrera prestatzen ere aritu ginen. Herria nola aldatu den orduz geroztik... Ikusten dugu euskararen ezagutza areagotu egin dela, bikoiztu. Erabileran ere aurrerapausoak eman dira eta herrigintzan oso aberatsa da gaur egungo Lasarte-Oria;  euskaraz aritzeko aukera asko dago. Egungo gure herriak ez du duela 35 urtekoarekin zerikusirik.

Aldatu da orduan Lasarte-Oriako hizkuntza errealitatea ordutik hona.
Marimotots: Aldatu da, bai. Nire familian, adibidez, atzetik datozen belaunaldiak, nire ilobak euskaldunak dira, ikastolan ikasi dute. Herriko seme-alabak euskaldundu dira, nahiz eta gabezia handi  bat sumatzen dudan: askoren euskara erabilera eskola eremura mugatzen da soilik, handik kanpo gaztelania asko hitz egiten dute.

Porrotx: Lasarte-Orian sortu zen pailazo taldea, populazioz eta urbanistikoki asko hazi zen herri batean. Eraldaketa handia jaso zuen oso denbora gutxian eta hizkuntzari dagokionez, euskara bigarren mailan geratu zen. Haurren %80ak A ereduan ikasten zuen, ikastolakoek soilik egiten zuten B edo D ereduan. A ereduko haurrentzat ez zen existitzen euskara etxean, ezta kalean ere eta  justu-justu eskolan, astean bi orduz. Hortik sortu zen gure taldea, haur horiei euskara alaitasunez eskaintzeko tresna bat bezala, noski Lasarte-Oriara begira.

Gaur egun ez gaude bi komunitate bereizta orduan geunden bezala; kulturalki oso ezberdinak ziren eta geografikoki herrian ere banatuta zeuden; euskara bigarren mailako hizkuntza zen. Beste garai batzuk bizi ditugu gaur, baina horrek ez du esan nahi erronka berriak ez ditugunik. Garai hartako migratzaileak batez ere Espainiatik etortzen ziren. Bi komunitate horien arteko harresia bota genuen, esan genezake Lasarte-Oria kolore asko dituen herri bat dela eta denak elkarrekin oso giro onean harremantzen garela. Egun, ordea, 70 herrialde baino gehiagotatik etorritako pertsonak ere bizi dira gurekin. Horiekin dugu erronka orain.

Eredugarri zarete Euskal Herriko haurren hizkuntza erreferentzialtasunean. 
Pailazoak: Gure hizkuntza neurri batean menpekoa denez, aurrera ateratzea nahi badugu, kontzientziatik egin behar dugu. Zoritxarrez zerbait naturala beharko luke, baina gaur-gaurkoz ez da hala. Horregatik, oso garrantzitsua da kontzientziak astintzea; goxo, baina astintzea.

Guk sentitzen dugu bide horretan laguntzen dugula, batez ere euskararekiko maitasun hori senti dezaten. Bihotzetik, alaitasunetik sentitzen dugu gure hizkuntza eta transmisioa ere hala egiten dugu. Eta hain zuzen ere horregatik iristen gara haurrengana iristen garen moduan, ideologia, kolore eta pentsatzeko modu guztietako pertsona eta familiengana. Guk ez dugu sekula begiratu nor genuen aurrean. Egiten duguna gozatuz egiten dugu eta hizkuntzarekiko ere transmititu nahi dugu hori: egin dezatela euskaraz, gozatuz, egiten den euskara baita ederrena.

Anarik [Ana Rita Alberdi abeslaria] behin esan zigun beste sortzaileen kantak abestea bereak propioak kantatzea baino gehiago kostatzen zaiola, baina bereak kantatzeko munduan ez dagoela bera baino hoberik.  Ez ditugu sekula ahaztu hitz horiek, eta defendatzen dugu gure kantak kantatzeko onenak gu garen bezala, euskara hitz egiten norbera dela onena.

"Euskara, alaitasuna eta balioak transmititzea izan da beti gure xedea"

Egin dezagun hilabete batzuk atzera, omenaldi egunera. Ez zen edozein agertokitan egin, Tolosan, Gure Zirkuaren karpan baizik. 
Pailazoak: Oso berezia izan da Gure Zirkuan egitea. Iker Galartzarekin [Gure Zirkuaren sortzaile eta aktorea] aspaldi-aspaldiko harremana dugu. Mokolo [Iñaki Odriozola] bere taldekide izandakoa hil zenean, omenaldi bat egin zen Leidorren eta bertan elkartu ginen Euskal Herriko pailazoak. Mirensten dugu Galartza. Iruditzen zaigu Gure Zirkua ekimena bera, karpa erostea eta proiektua martxan jartzea oso erronka zaila dela, oso apustu eroa eta alde horretatik miresten dugu egiten ari diren ahalegina.

Bat egin genuen omenaldian eta egun horretan, gure ibilbidean kide eta lagun  izan direnak eta gaur egun ere izaten jarraitzen dutenak gonbidatu genituen. Eserlekuetatik agertokira jaitsi, eta gurekin dantzan egin zuten, oso polita izan zen.

Hitzekin da aurtengo Korrikaren leloa, eta horrek ere keinu egiten dio pailazo taldeari.
Pailazoak: Sekulako sorpresa izan da hori ere. Nerea Urbizuk zuzendu du abestia eta letra Sustrai Colina bertsolariarena da eta haiek, lan horren sorkuntzan egiten hasterako bazekiten gu izango ginela omenduak. Horrela, Sentitu, pentsatu, ekin gure esaldi famatuari keinu eginez osatu dute Hitzekin leloa.

Donostian amaituko da aurten Korrika eta bertan izango zarte zuek ere.
Pailazoak: Hantxe izango gara, Korrika amaitu ostean emanaldia egingo dugu Alderdi Ederren. Han ikusiko dugu elkar!