Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak berdinketa garrantzitsua lortu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 31a, 15:00

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta IDK Pari Berri Donibane taldeen arteko neurketako irudia. Arg.: Txema Valles.

IDK Pari Berri Donibane liderraren bisita izan zuen Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak martxoaren 25ean, Maialen Chourraut kiroldegian. Partida borrokatua izan zen eta etxeko taldeak binako berdinketa lortu zuen

Teep Tolosalaren aurka 3-2 galdu ostean, Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak neurketa garrantzitsua zuen. Sailkapeneko buru IDK Pari Berri Donibane taldearen aurka jokatu behar zuen.

Bi taldeak indartsu hasi ziren eta ederki borrokatu ziren aurkariaren atean baloian sartzeko. Lehen zatian ez zen posible izan; husnako berdinketarekin amaitu zen. 

Bigarren zatian berdin jarraitu zuen neurketak. Intentsitate handiaz bi taldeak erasoari jo zioten eta Josu Lopez eta Mikel Escribanoren taldeak lortu zuen markagailuan aurre hartzea.

Pasaitarrek ez zuten amore emango eta partidari itzulia eman zioten. Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak ez zen esku hutsik geratu nahi eta berdinketaren golaren bila joan zen. Ahaleginek fruitu izan zuten eta bigarren postua mantentzeko puntu garrantzitsua eskuratu zuen herriko taldeak.