Alebinek markak ondu dituzte Ligako jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 31

Buruntzaldea IKTko alebinak jardunaldia amaitzean. Arg.: Buruntzaldea IKT

Alebinen Ligako seigarren jardunaldia jokatu zen Ordiziako Majori kiroldegian. Buruntzaldea IKTko hamahiru kideek parte hartu zuten jardunaldian. Estilo desberdinetako probak lehiatu zituzten, hala nola, 800 m. libre proba eta tximeleta estiloko 200 m. proba 

Ligako seigarren jardunaldian, adinaren arabera, mutilek 200 m. tximeleta eta 200 m. bizkar probei egin behar izan zieten aurre; beste batzuek, berriz, 100 m. eta 200 m. bizkar saioa izan zuten. Emakumezkoetan, 100 m. bizkar eta 200 m. bular probak egin zituzten eta Amaiur Iparragirre 800 m. librean eta 200 m. bular probetan lehiatu zen.

800 m. libre probak eman zion hasiera jardunaldiari. Taldekide Amaiur Iparragirrek lehenengoz parte hartu zuen proba horretan. Urduritasuna alde batera utzita, 12.58,75 denbora egin eta bigarren sailkatu zen. Buruntzaldea IKTko prestatzaileek azaldu dutenez, "urduri samar zegoen arren, lehen aldiz igeri egiten zuen proba horri oso ondo egin zion aurre. Ez zuen erreferentzia garbirik, eta, beraz, probaren garapena ezagutzeko balio izan zuen". Bular estiloko 200 m. proban ere izan zen lehian Iparragirre. Bikain aritu zen igerian eta hirugarren sailkatu zen (4.01,52)

2009ko urteko mutilek 200 m. tximeleta proba izan zuten. Bertan igeriketa taldeko Iñaki Garciak, Ibon Elolak eta Oihan Matutek parte hartu zuten.  Teknikoki proba zorrotza izan arren, "hirurek oso ondo egin zioten aurre probari, lasaitasunez igeri egin zuten eta teknikoki ere lan handia eginez". Proba horretan, gainera, Iñaki Garciak 13 urteko klubeko errekor berria ezarri zuen, 3.15,69 marka.

Eguneko gainerako probetan Buruntzaldea IKTko Hodei Barcina, Mario Amantegi, Kimetz de la Cruz, Asier Barcena, Ane Meyer, Lucia Rey, Nora Miguelez, Nora Atxaga eta Saray Lobato aritu ziren igerian. Guztiek markak hobetzea lortu zuten. "Ikaskuntza-prozesuan aurrera egiten jarraitzen dutela erakutsi dute, teknikoki aurrerapausoak emanez, erronka berriei aurre eginez eta beren ibilbidean jarraituz," nabarmendu dute igeriketa taldeko prestatzaileek.

Gutxienekoak lortuta

Liga amaitzeko jardunaldi bakarra falta den arren, Udako Gipuzkoako Txapelketarako zein Udako Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoak lortu dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek.

Hodei Barcinak, Oihan Matutek, Mario Amantegik, Ibon Elolak, Iñaki Garciak eta Amaiur Iparragirrek lortu dute jada Gipuzkoako txapelketarako sailkatzea. Iñaki Garciak gainera Euskal Herriko txapelketarako bi gutxieneko ditu: 100 m. eta 200 m. bizkar probatan. Oraingoz txapelketa horretarako txartela duen taldekide bakarra da. Alabaina, seigarren jardunaldian, Ibon Elola 200 m. bizkar probako Euskal Herriko gutxienekotik 55 ehunenera geratu zen.

Igeriketa taldeko prestatzaileak ziur daude igerilariek falta den jardunaldia ondo aprobetxatzen jakingo dutela.