Terrazen ordenantzari alegazioak jartzeko epea ireki du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 31a, 11:12

Lasarte-Oriako udal korporazioak martxoko ohiko bilkuran onartu du ostalaritzako jardueren osagarri diren terrazak eta mahaitxoak jartzea arautzen duen ordenantzaren dokumentua, eta udalak jakinarazi du alegazioak jartzeko epea zabaldu duela, maiatzaren 16ra arte. "Denbora horretan erreklamaziorik edo iradokizunik aurkeztu ez badu inork, ulertuko dugu oraingoz behin-behinekoa den erabakia behin betikoa izango dela", zehaztu du.

Udalaren aburuz, udalerrian "gero eta lurzoru publiko gehiago" erabiltzen da terrazak jartzeko, eta "nahasmen handia" dute herritarrek instalazio horiei buruz, "berariazko araudi ezagatik". Horri konponbidea topatze aldera, uste du "beharrezkoa" dela okupazio horiek "gehiago eta zehatzago" arautzea, ordenantza baten bidez. Honako balioetan oinarritzen dela adierazi du:

  • Erabilera komun orokorrak eta, bereziki, igarobideek duten lehentasuna. Jarduerak ez du eragotzi behar herritarrek espazio horiek erabiltzeko duten eskubidea: joan-etorriak erosotasunez eta segurtasunez egin behar dituzte.
  • Hiri paisaiako zuhaitz, parterre eta landareak babestu behar dira.
  • Zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatu behar da, larrialdi zerbitzu eta lurpeko azpiegiturenak.
  • Pertsonek ingurune osasuntsu bat izateko duten eskubidea babestu behar da. 

Horrez gain, ordenantzak arautzen du terrazak zer garaitan instala daitezkeen, bestela esanda, zehazten du noiz den horretarako une aproposena. Txostena udalaren webgunean kontsulta daiteke.