Buruntzaldea IKTko benjamin mailako hemeretzi igerilarik parte hartu zuten jardunaldian.
2012 eta 2013 urteko haurrek bi probei egin behar izan zieten aurre: tximeleta estiloko 25 metroko proba eta bular estiloko 6x25 m. errelebo mistoa.
Igeriketa taldeko prestatzaileek azaldu dutenez, "ikasteko zailenak diren estiloetan egin behar izan zituzten probak txikienek". Guztiek tximeleta estiloko banakako proban arreta jarria zutela gaineratu dute: "Koordinazio orokorra ikasteaz gain, teknikoki oso exigentea den estiloa da tximeleta eta, metroak aurrera egin ahala, adin hauetan, gero eta zailago bihurtzen den estilo bat da. Logikoa den bezala, oraindik ere ikasten jarraitu behar duten arren, bikain aritu ziren denak eta entrenamenduetan erakutsitako erraztasun berberarekin aritu ziren jardunaldian ere".
Helduagoek (2011 urteko neska-mutilek eta 2010 urteko mutilek) 200 m. edo 400 m. libre probak eta 100 m. lau estiloetako probak izan zituzten aukeran. Igeriketa taldeko kideak "oso ondo aritu ziren, 200 libre sendo bat egiteko gai izan ziren eta lau estiloetako 100 metroetan ere gogotsu eta egoki lehiatu ziren". Esate baterako, estilo libreko 200 metroko saioetan Itxaso Iparragirre, Nora Rey, Oier Jauregi eta Liher Albizu lehen postuetan sailkatu ziren eta lau estiloetako 100 metroko proban, Itxaso Iparragirre adineko azkarrena izan zen 1.42,06 marka eginez.
Saioa amaitzeko, mutilek 4x50 m. lau estiloetako erreleboa lehiatu zuten. Jon Isasak, Ander Martinezek, Oier Jauregik eta Liher Albizuk osatutako laukoteak hirugarren postua eskuratu zuen, Ordiziako taldetik bederatzi ehunekora.