Apirileko kultur agenda, ekitaldiz lepo

Txintxarri 2022ko martxoaren 30a

2019ko udaberriko bertso saioko argazki bat. Aurtengoa apirilaren 30ean egingo dute, larunbatarekin, 19:30ean, kultur etxean.

Margolaritza, euskara, zinema, antzerkia, opera, dantza, bertsolaritza... Askotariko osagaiak ditu Lasarte-Oriako Udalak apirilerako prestatu duen kultur egitarauak. Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak Okendo plazara itzuliko dira, eta iaz udazkenean egin zuten bertso saioa udaberrira bueltatuko. Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen du azken ekitaldi hori, udalarekin elkarlanean.

Faouzi Boutaghrassa margolari gaztearen erakusketak irekiko du apirileko agenda. Antonio Mercero gunean jarriko dituzte ikusgai bere lanak, 24 arte, igandez. Astegunetan 18:00etatik 21:00etara irekiko dute aretoa, eta larunbatetan, 17:00etatik 19:00etara. Sarrera doakoa da.

Bihar hasiko da 22. Korrika, Amurrion (Araba). Lasarte-Oriara egun batzuk geroago iritsiko da, apirilaren 8an, 07:11n. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen lasterketari ongietorria emate aldera, ekimen ugari antolatu dituzte Korrika Kulturalaren barruan. Lehenik, aurkezpen gala, ostiral honetan, 18:00etan, kultur etxean. Horrez gain, Landaberri zein Sasoeta ikastetxeetako haurrek marrazkiak egin dituzte, euskararen aldeko egitasmo horrek haientzat zer esan nahi duen irudikatuz. Guztiak bildu, eta guraso elkarteek Korrika umeen begietatik erakusketa ondu dute, Antonio Mercero gunean jarriko dutena, datorren asteko astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara.

Zinema, antzerkia eta opera

Hilabetez hilabeteko agendetako diziplinak dira hiru horiek. Orotara zortzi film proiektatuko dituzte apirilean, horietatik bi, Okendo Zinema Taldeak: Licorice Pizza 8an, eta Espíritu sagrado 22an. Bi emanaldiak 20:30ean hasiko dira, eta sarrerek 6 euro balio dute. Gainerako pelikulak hauek dira: Ainbo, Amazoniako gerraria (haurrentzat, 3an, 17:00etan); ikus-entzunezko onenari Oscar saria irabazi berri duen CODA (helduentzat, 3an, 19:30ean); Kaporito, El Guardián de la Montaña (haurrentzat, 10ean, 17:00etan); Código Emperador (helduentzat, 10ean, 19:30ean); Sonic 2 (haurrentzat, 24an, 17:00etan); eta Competencia Oficial (helduentzat, 24an, 19:30ean). Haurrentzako paseetarako sarrerek 4 euro balio dituzte, eta helduentzako direnek, 6. 

Datorren asteko larunbatean El Mundo Lirondo haurrentzako antzezlana emango du Spasmo Teatro konpainiak, 17:00etan, eta apirilaren 23an Lehendakari Gaia antzezlana ekarriko du Txalo Produkzioak konpainiak. 20:00etan hasiko da emanaldia, kultur etxean, eta sarrerek 6 euro balio dute. Bestalde, hastear den hilabete horretako opera proiekzioa Romeo y Julieta ballet klasikoa izango da, apirilaren 13an, 19:00etan. Txartelek 7,5 eta 9 euro artean balio dute.

Hitzaldia eta erakusketa

Noaingo guda 1521eko ekainaren 30ean izan zen, eta hori irabazita, Gaztelako Erresumak Nafarroakoa konkistatu zuen, nahiz eta lurralde hori defendatu zutenek erresistentzia handia egin. Bataila horren bueltakoak gogoratze aldera, pare bat jarduera egingo dituzte apirilean: batetik, Noaindik Amaiurrera 1522-2022 hitzaldia, Beñi Agirre adituaren eskutik, Antonio Mercero gunean, 26an, 19:00etan; eta, bestetik, Noaingo bataila lau artistaren begiradapean erakusketa, Antonio Mercero gunean baita ere, 26tik 29ra,18:00etatik 20:30era. 

Ekitaldi azpimarragarriak, bueltan

Dantzaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 29a, eta aurtengoa ederki ospatuko dute diziplina horren bueltan aritzen diren herriko eragileek. Egun bat lehenago, Okendo plazan, 19:00etan, emanaldiak egingo dituzte. Pandemiaren eraginez, azken bi urteetan ezin izan dute hori egin. 

Bestalde, iaz udazkenean egin behar izan zuten bertso saioa udaberrira itzuli da aurten. Apirileko azken egunean, 30ean, 20:30ean, oholtza gainera igoko dira Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Alaia Martin, eta baita hainbat gonbidatu berezi ere, Bea Egizabal aktorea tartean. Ekitaldi hori Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen du, udalarekin elkarlanean. Sarrerek 6 euro balio dute.