Ekain erdialdera arteko Gaztelekuko ikastaroak aurkeztu ditu udalak

Txintxarri 2022ko martxoaren 29a

Alonso eta Valdivia, ikastaroen aurkezpenean. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Herriko gazteek aisialdiari lotutako makina bat jarduera egin ahalko dituzte ekain erdialdera arte. Ordainpekoak izango dira batzuk, eta doakoak besteak. Prezioa duten ikastaroetan izena emateko azken eguna apirilaren 25a izango da, eta animatzen diren guztien artean patinete elektriko bat zozkatuko dute antolatzaileek.

Lasarte-Oriako gazteei "aisialdirako aukera ludiko eta hezitzaile bat eskaintzeko asmoz", udalak hainbat ikastaroz osatutako eskaintza prestatu du. Jarduerak, batez ere, Gaztelekuan bertan egingo dituzte. Horietako zenbait egin ahal izateko, interesa dutenek ordaindu egin beharko dute, eta beste batzuetan aritzeko, berriz, ez. Hau da eskaintza:

Ikastaroa Izena emateko azken eguna Prezioa Iraupena Zein astegunetan? Ordutegia
Artea eta emozioak (3-4 urtekoentzat) Apirilak 25, astelehena 41,25€ Maiatzaren 2tik ekainaren 1era Astelehenetan eta asteazkenetan 17:30etik 18:30era
Artea eta emozioak (5-6 urtekoentzat) Apirilak 25, astelehena 41,25€ Maiatzaren 3tik ekainaren 2ra Astearte eta ostegunetan 17:30etik 18:30era
Artea eta emozioak (7-9 urtekoentzat) Apirilak 25, astelehena 24,75€ Maiatzaren 2tik ekainaren 1era Astelehen eta asteazkenetan 18:45etik 19:45era
Artea eta emozioak (10-12 urtekoentzat) Apirilak 25, astelehena 24,75€ Maiatzaren 3tik ekainaren 2ra Astearte eta ostegunetan 18:45etik 19:45era
Shuffle dantza Apirilak 7, osteguna Doakoa da Apirilaren 8tik ekainaren 3ra Ostiraletan 17:30etik 19:00etara
Perkusio tailerra Apirilak 7, osteguna Doakoa da Apirilaren 9tik ekainaren 4ra Larunbatetan 11:30etik 13:00era
Film laburrak grabatu sakelako telefonoarekin Apirilak 24, igandea Doakoa da Apirilaren 29tik maiatzaren 13ra Ostiraletan 17:30etik 19:00etara
Kamisetak tindatzea eta margotzea Maiatzak 4, asteazkena Doakoa da Maiatzaren 7tik 14ra Larunbatetan 11:30etik 13:00era
Kamisetak tindatzea eta margotzea Ekainak 7, asteartea Doakoa da Ekainaren 11tik 18ra Larunbatetan 11:30etik 13:00era
Henna Tattoo Apirilak 25, astelehena Doakoa da Apirilaren 30ean Larunbatean 11:30etik 13:00era
Escape room morea Apirilak 7, osteguna Doakoa da Apirilak 8 Ostiralean Talde bakoitzak ordu erdi izango du ibilbidea egiteko. Lehen multzoa 17:30ean hasiko da, eta azkena, 20:00etan. Gehienez sei pertsonak parte hartu ahalko dute batera.
Eskolako lanekin laguntzeko tailerra Ez da beharrezkoa izena ematea Doakoa da Ekainaren 15era arte Asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara

Nola eta non eman daiteke izena?

Aipatu ikastaroetan apuntatzekotan dabiltzanek hainbat modu dituzte horretarako. Aurrez aurre egiteko, Manuel Lekuona Kultur Etxera joan daitezke, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era edo 17:00etatik 20:00etara, edo bestela, Gaztelekura, asteartetik larunbatera, 12:00etatik 20:30era.

Telematikoki izena emateko, hiru aukera: 943 37 61 81 telefonora deitzea, udalaren webgunearen bidez egitea edo etxez etxe banatuko dituen eskuorrietako QR kodeak eskaneatzea sakelako telefonoarekin.

Jarduerak proposatzeko aukera

Udalak nabarmendu du prestatu duen egitaraua "zabala" dela, baina ez dio atea itxi are gehiago zabaltzeari. Jakinarazi du herritarrek aukera dutela jarduera gehiago proposatzeko, 5+1 ikastaro irekiak egitasmoaren bidez. "Ikastaroa antolatzeko konpromisoa hartuko dugu, baldin eta gutxienez sei pertsonak parte hartzen badute". 

Tailerren iraupena herritarrek beraiek zehaztu behar dute: laburrak izan daitezke, egun bakarrekoak, luzeak... Udalaren arabera, gaia ia edozein izan daiteke: aisialdia, kultura, gateria, hezkuntza, teknologia berriak, musika, dantza, eta abar.