Vithas Gaztedik Hernani garaitu eta lehen postua berretsi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 29a, 11:45

Aizpea Racamonde (ezker) eta Paola Vega (eskuin) herritarrak aurrez aurre lehiatu ziren. Arg.: A. Vega.

Euskal Ligako Emakumezkoen XV mailako azken jardunaldia jokatu zen martxoaren 26an eta 27an. Hernaniko Landaren, Hernani CRE eta Vithas Gaztedi taldeek partida garrantzitsua jokatu zuten. Neurketa hasi baino lehen, bi taldeak sailkapeneko lehen postuetan ziren (Vithas Gaztedi, lehen eta Hernani, bigarren). Aizpea Racamonde (Vithas Gaztedi) zein Paola Vega (Hernani) herritarrak kide dituzten taldeak ederki borrokatu ziren; Gasteizko taldeak lortu zuen garaipena 

Gogoz atera ziren bi taldeak zelaira. Hernaniren defentsa sendoa izan arren, bosgarren minutuan Vithas Gaztedi aurreratu zen markagailuan entsegua eta gauzatzea lortuz.

Bi taldeak gogor borrokatu ziren aurkariaren lerrora iristeko. Gasteizko taldeak bakarrik lortu zuen saria. Hemeretzigarren minutuan entsegua egin zuen eta atsedena baino lehen entsegua eta gauzatze. Racamonderen taldea 0-19ko emaitzarekin joan zen atsedenaldira.

Hernaniko taldeak ez zuen amore eman eta erasora atera zen bigarren zatian. Defentsa lan ederra ere egin zuen Vegak zuzenduta eta Vithas Gaztedik ez zuen punturik egiterik izan. Hernanik, ordea, entsegua eta gauzatzea lortu zuen. Azken markagailua, 7-19 izan zen.

Emaitza horren ondorioz, Hernanik sailkapeneko hirugarren postuan amaitu du Liga. Vithasek, ordea, partida bat du jokatzeko. Atzeratutako Universitario de Bilbaoren aurka jokatuko du, hilaren 2an. Bilboko taldea bigarren postuan da. Aizpea Racamonderen taldeak bost puntuko errenta du. Beraz, partida gogorra aurreikusten dute.

Garaipenak

Bestalde, Ohorezko B Mailako zein Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz taldeek garaipena erdietsi zuten.

Lehen taldeak Eibarren aurkako derbiari egin zion aurre. Partida borrokatua izan zen eta bigarren zatiko azken minutuak erabakiorrak izan ziren Zarautzeko taldeak errenta hartu eta 36-27 irabazteko. Neurketa horretan eskuratutako puntuei esker, seigarren postuan dagoen Uribealdeari tartea kendu dio eta puntu bakarrera du.

Euskal Ligan, berriz, ez zuen jardunaldirik. Alabaina, urtarrilean atzeratutako neurketa jokatu zuten Beltzek Arratiko Zekorrak taldeak. Lehen zatian ederki borrokatu ziren bi taldeak eta 19-7 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, Zarauzko taldeak ahulkia mugitu zuen. Arratikok berriz ez zuen aukerarik izan; hamabost jokalari bakarrik aurkeztu ziren neurketara. Egoeraz baliatuz Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak entsegu eta gauzatze ugari egitea lortu zuten. Azken emaitza, 73-7 izan zen.