Michelin kirol Gunean Udaberri txapelketako bi finalez gozatu zen larunbatean. Lehenik Kadete 3. mailako Lagunak- Murumendi izan zen eta Elgoibarko Lagunak elkarteko bikoteak eraman zuen eguneko lehen saria. Jarraian, herritarrengan ikusmina sortzen zuen finala jokatu zen, Jubenil 2. mailako neurketa.
Intza eta Hernani izan ziren aurrez aurre. Etxeko bikoteak ez zekien zer nolako aurkariarekin aurkituko zen; Hernaniko jokalari bat gaixo zegoenez, Ligan ezin izan zuten elkarren aurka jokatu. Partida borrokatua eta luzea aurreikusten zuten herritarrek.
Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilleta jubenilek ongi hasi zuten partida. Hernaniko Alegria eta Descarga bikoteak, ordea, denbora behar izan zuen partidan sartzeko eta egoeraz baliatuz, 4-1 aurreratu zen etxeko bikotea.
Ostean, bi bikoteen arteko borroka hasi zen eta amore emango ez zuela erakutsi zuen aurkariak. Tanto luze eta borrokatuen ostean, 4-3 hurbildu zen Hernani. Alabaina, Intzako pilotariek ez zuten hutsik egin. Pilotakadak ederki jokatu zituzten, jokaldi ederrak sortu eta pilota atzera ederki bidali zuten. Horri esker, etxeko bikotea tantoz tanto errenta handitzen joan zen.
Hernanik partidaren erritmo apurtzeko askoz, lau atsedenaldi eskatu zituen, baita pilota motela erabili ere. Etxeko bikoteak, ordea, tinko eutsi zion jokatzeko moduari eta gainera, aurkariren eraso bakanei ederki erantzun zien. Intza nagusi zen eta Hernanik ezer egin ezin zuela ikusi zuen.
22-6ko markagailu mardulari esker, Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak Udaberri txapelketa eskuratu zuen.
Jose Felix Solano Intzako prestatzaileak nabarmendu duenez, "jubenilek jokatutako partida hoberena izan da. Diaz de Gereñu sendo egon da eta jokaldi politak egin ditu. Hala nola, bi dejada eder. Urdanpilletak ere atzean lan ederra egin du eta pilota seigarren koadrora eramatea lortu du. Ligan serio eta ongi jokatu dute eta saria merezi dute".
Lau eta Erdiko txapelketa
Jubenilek ez dute atsedenerako tarterik izango. Banakako Lau eta Erdiko txapelketako lehen jardunaldia jokatuko da asteburuan.
Intza Pilota elkarteak lau ordezkari izango ditu lehian. Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak jubenil 2. mailan jokatuko dute; kadete 2. mailan Beñat Olazabal izango da eta senior 1. mailan, berriz, Jon Pello Artetxek jokatuko du.
Txapelketari hasiera emateko Tolosa, Hernani, Zazpi Itturri eta Oiarpe elkarteetako pilotariak izango dituzte aurkari. Lau neurketak larunbatean jokatuko dira Michelin Kirol gunean; ordea zehazteke dago. Pilota jaialdi polita izango da, berriz ere, Lasarte-Oriako pilotalekuan.