Erreskaterako eskubidea edo sorospenerako betebeharra

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 27a

Okendo Zinema Taldeak antolatutako euskal dokumentalen zikloa gaur amaitu da. Bost emanaldik osatu dute egitaraua, eta lasartear ugariren jakin-mina piztu dute oso bestelako errealitaten inguruko lanek. Azkena, Javi Juliok fotokazetariak zuzendutako Aita Mari  izan da, erreskate barku bilakatutako atunontziaren eraldaketa, ibilbidea eta itsasoan egindako lanaren zati bat jasotzen du ikus-entzunezkoak.

Salvamento Marítimo Humanitarioko kide Iñigo Mijangos eta Iñigo Gutierrezi bururatu zitzaien Stella Maris Berria atunontzia Mediterranoan itotzen diren migranteak salbatzeko ontzi bilakatzea. 2018ko martxoan Gutierrezek deitu zion Juliori, ontziaren birmoldaketa dokumentatzera joan zedin. Bi hilabeteko kontua izango zela aurreikusi zuten, baina askoz luzeago jo zuen. Gobernuak aurreko urtean Aquarius hartu zuen, eta ulertu zuten, erreskateak egiteko borondate politikoa zegoela, baina "itxurakeria hutsa" izan zen. Urte eta erdi luzez blokeatuta egon zen eta iruditu zitzaion hori zela kontatu beharreko historia. 

Lehen zatian, ontziaren prestaketa jasotzen ditu dokumentalak. Bi urte baino gehiago behar izan zituzten eraldaketa hori burutu eta lehen erreskatea gauzatu ahal izateko. "Auzolanari esker" egin zutela nabarmendu zuen Javi Julio zuzendariak proiekzioaren ondorengo solasaldian. Estatuek egiten ez duten lana egiteko elkartu ziren herritarrak jarri ditu erdigunean.

Era berean, Europako Batasunaren muga politika ere ezbaian jartzen du. Oztopo ugari jarri zizkioten ontziari, ia urtebetez geldirik egon zen Pasaiako portuan,  erreskatetarako baimena ukatzen baitzion Espainiako Gobernuak. Carmen Calvo Espainiako ministroak esandako hitz batzuk gogoratu ditu, itsasoratzen ez uztea argudiatzeko: "Ez dute erreskaterako eskubiderik". Halakorik ez da, itsasoko legea, ordea, sorospen betebeharraz mintzo da. David Goliaten aurkako borroka gisa definitu zuen burokrazia baliatuta Espainiak eragindako atzerapena, egitasmoaren parte ziren herritarrak nekatzeko. 

Gogoeta egin zuen erakundeen arrazismoaren gainean. Ikusi besterik ez dago egunotan Europako agintariek ukrainarrekiko dute jarrera. Greziako uharteetan 70.000-80.000 lagun zeuden eta ukatu egiten zitzaien asilo eskubidea. Orain, berriz, bi milioi ukrainar baino gehiago hartu dituzte, baita herritartasuna eman ere. "Zer gertatzen da sudandarrekin? Han ez dago gerrarik? Siriarrekin? Yemeniarrekin? Edo berriro abandonatu dituen sahararrekin, bigarrenez traizio historikoa egin diete. Zer gertatzen da beraiekin? Irainduta sentituko nintzateke, azalaren kolorearen arabera jokatzen dute". 

Ikus entzunezkoa agertzen da lehen erreskatea ere. "Kasualitatez" aurkitu zuten patera, beste baten bila ari zirela. "Ikusi duzuen jende hori kasualitateaz topatu genuen, beste batzuen bila gindoazela. Itsasoan hilko lirateke eta ez ziren estatistika ere izango. 80 gazte. inork ez zuen jakingo". Sei egun behar izan zituzten, portura sartzen utzi zieten arte, itsasaldia bazegoen ere. "Horregatik diogu politika arrazistak direla".

Azken asteetan salbatutako haietako zortzi lagunekin elkartu da Julio Italian eta Frantzian, beraien oraingo bizitza nolakoa den ezagutzeko. Aukera bat eman die bizitzakoak, eta leku berrian euren bizimodua antolatzen ari dira. Zuzendariak nabarmendu nahi izan du, "jende txarra edonongo da eta edonon dago" eta adin txikiko atzerritarren aurkako diskurtsoen aurrean gogoratu ohi duela "La Manada auziko bost zigortuetako bat Guardia Zibila zen eta beste bat militarra". 

Itsasontziaren izena ez da ausaz aukeratua. Juliok azaldu zuen, ikusle batek eskatuta, nor izan zen Aita Mari. Jose Antonio Zubia Aita Mari itsasgizon zumaiarra zen. Txalupa bat zuen eta zenbait langile. Galerna zegoenean itsasora irteten zen portutik jendea erreskatatzera. Hainbatetan egin zuen bere bizitza, azken galernan, ordea, lau lagun salbatu ondoren, itsas kolpe batek jota ito zen.