Antzerkiaren Eguna ospatu du Kukukak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 26a, 20:56

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da martxoaren 27a. Kukuka Dantza eta Antzerki Eskolak, ordea, egunbete lehenago ospatzea erabaki du, diziplina hori ardatz duten zenbait jarduerekin. 

Sasoetako gimnasioan hasi dute prestatutako ekimen zerrenda. Familientzako tailerra egin dute bertan. 70 bat lagun elkartu dira ordu eta erdiz ondo pasatzeko gogoz. Zerrendan izena emanda zeudela baieztatu ondoren, sartzen joan dira haur eta helduak. Hasteko, nola ez, beroketa ariketak egin dituzte: luzapenak, saltoak, oihuak. Gero, aretoan barrera ibili dira eta Kukukako kide Erik Arzallusek esatean, salto egin, lurra ukitu, ezkerra edo eskuinera mugitu dira. Ondoren, beste jolas batzuk egin dituzte, 

Lurrean eserita, Kukukako beste irakasle batek Martxelen istorioa kontatu die. Haurra zenetik itsasgizona izan nahi zuen Martxelek eta gurasoek kostara eraman behar izaten zuten itsasoa ikus zezan. Heldua zela egia bilakatu zuen ametsa eta marinel egin zen. Itsas zabalean bidaian doala, ordea, piratekin topo egingo du. Lau talde osatu eta bakoitzari jarraipen bat proposatu diote, bukaera bat ere irudika dezan. Emandako zapi, jantzi ileorde, maskara eta gainerakoekin, pertsonaien azalean jarri dira partaideak eta irudimena martxan jarri dute. 

Tarte batez lanketa egin ondoren, prestatutako amaierak erakutsi dizkiete elkarri. Jarraian, Okendora joan dira guztiak, piratak protagonista zituen beste ipuin bat entzutera. Oraingoan, Patata Tropikala taldearen Pirata Garrapataren abenturak ikuskizuna egin baitute. Magia, antzerkia eta txotxongiloak tartekatuz, kutsadurak naturan duen eraginaz hitz egin dute. Pirata Garrapatak bidai izugarriak egin ditu mundu osoan barrena eta haietan hainbat abentura bizi ditu: Indian, txirula magikoa aurkitu zuen, Australian, poltsa magikoa eta Errusian, era guztietako edalontzietan sartzea lortu zuen. Okendon batutako haurren laguntzarekin "kriskitin, kraskitin, arrosa, krabelin" hitz magikoak esanda, apurtutako mapa osatu du eta abentura berezi batean murgildu ditu bertaratutakoak.

Haurrak eta familiak protagonista izan dira goizeko ekimenetan, arratsaldean, berriz, Bea Egizabalek bere bakarrizketa berria aurkeztu du Jalgin: Magma mia!  Umoretik eta feminismotik heldu dio emakume izateari. Berak dituen zenbait ezaugarri berezkoak diren edo sistema heteropatriarkalaren eragina diren aztertu du. Ziurgabetasuna, autoestimu urria, bere gorputzarekin konforme ez egotea... Beteta zegoen tabernan zeudenei barre eginarazi die, baina, ziur, gogoetaren bat edo beste ere piztu diela.