Txotx egin dute 30 urteak ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 26a, 11:29

Hiru hamarkada ez dira egunero betetzen, eta ez dira edozein modutara ospatzen. Sagardotegi denboraldi betean, barrikotea egin du Semblante Andaluz elkarteak bere egoitzan: txotx oihuak eta barre-algarak itzuli dira bertara, bi urte eta gero.

"Txooootx!". Sagardotegi bilakatu zen atzo Semblante Andaluz elkartearen egoitza. Hiru hamarkada bete dituela ospatzeko, barrikotea berreskuratu dute, orain pandemiaren gaineko neurri ia guztiak bertan behera utzita daudela. Kazetarien mahaian afaldu du lehendakari izendatu berri Juan Navarrok, eta horrelako jarduerak berreskuratzeko zuten gogoa nabarmendu: "Bi urte eta gero, ederra da guztiok afari eder baten bueltan berriro elkar ikustea". Musikaria da lanbidez, eta Donostiako Kursaalean emanaldi bat ematetik zetorren: 21:00ak baino beranduago iritsi arren, denbora eman dio Congostotik (Burgos) ekarritako odolkia jateko. Gaztela Leongo herri txiki hori eta Lasarte-Oria senidetuta daude, duela urte batzuetatik.

Aburuza sagardotegitik ekarritako sagarren zukuarekin edalontzia bete, eta harreman estu horren jatorria zein den kontatu du elkarteko bazkide eta presidente ohi Jose Perezek. "Semblante Rociero koruko kideak elizan entseatzen ari ginen behin, eta gizon bat etorri zen, motorrean. Congostokoa zela, eta bertako eliza zaharberritu nahian zebiltzala zenbait herritar, baina ez zirela nahikoak. Proposatu genien bertara joan eta erromeria bat antolatzea, eta dirua lan horiek egitera bideratzea: lehenengo urtean 50 bat pertsona joan ziren inguruko herrietatik-eta, eta hiruzpalau urte barru, 300". Zenbait urtetan Burgosera joan dira Semblantekoak, eta beste batzuetan, bisita itzuli diete Congostokoek. Azken urteetan ezin izan dute hori egin, baina aurten bai, eta, ondo bidean, ekainaren 25ean andaluziar doinuak entzungo dituzte herri txiki horretan. Gainera, Perezek jakinarazi duenez, plazatxo bat egin dute elkartearen izenean. Afalostean, Congostotik etorritako adiskideek oroigarri ederra oparitu diete Semblantekoei.

Hori ez zen izan atzo iluntzeko pasadizo bakarra. Jatunak zintzurra bustitzen eta kontu kontari ari ziren bitartean, sukaldariek jo eta su egin zuten lan, menuko plater bakoitza bikain atera zedin. Hauxe izan zen menua: Congostoko odolkia, bakailao tortilla, bakailao frijitua piper berdeekin eta txuleta. Postrea ere, edozein sagardotegitan eska daitekeena: gazta, irasagarra eta intxaurrak. Sabela bapo bete eta 00:00ak baino lehen etxera joan zenik izan zen, baina parranda gogoa zutela erakutsi zuten gehienek, eta ordu txikietara arte dantzatu eta abestu zuten, oso urrunak ziruditen garaietan bezala.