Garagardo eta pintxo artean hasi dute asteburua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 26a, 11:27

Herriko elkarte gastronomikoak hasi dira jan eta edanaren bueltako planak berreskuratzen. Bost garagardo artisau eta bost pintxoz osatutako dastaketa egin du Extremadura Etxeak. Bertako bazkide eta Beerbao enpresako langile Alberto Calvok eman dizkie azalpenak bertaratu diren 50 bat herritarrei.

"Garagardoak ez dira argiak edo ilunak, ez dira horrela sailkatzen. Zure autoa gorria bada, zer esaten didazu horrekin? Zer kolore duen, besterik ez. Bada, garagardoekin berdin", zehaztu du Calvok. "Hiru familia daude: Lager (fermentazio baxuko legamiarekin eginak), Ale (fermentazio altuko legamia) eta Lambic (bat-bateko fermentazioa)". Sarrerako azalpen hori emanda, Extremadura Etxea bete duten 50 bat herritarrak zintzurra bustitzen eta sabela betetzen hasi dira.

Garagardo artisau bakoitza sukaldean egindako pintxo batekin ezkondu dute. Angel Barrerak eta Jose Luis Rubiok kozinatu dute: txistorra hostorea, oilasko hegalak, hirugiharra, urdaiazpiko errea eta txokolatezko hostorea prestatu dituzte. Barrerak harro erakutsi ditu jakiak, batez ere, urdaiazpikoarena: "Goizeko zazpietan piztu dut labea, haragia sartu eta pixkanaka erre dut, su txikian, 15:00ak arte". 

Angel Barrera eta Jose Luis Rubio, pintxoetako bat erakusten.
 

Garagardo eta pintxo bana dastatu ahala jarraitu du Calvok azalpenak ematen. Herritarrek pozarren egin dute topa, pandemia aurretik bezala.