Herritarrak lasterketaz lasterketa dabiltza

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 25a

Lasturko Ibilaldian parte hartu zuten Lasarte-Oria Traileko ordezkariak. Arg.: Lasarte-Oria Trail

Herriko korrikalariek mendi zein errepidean euren zaletasuna aurrera eramateko aukera izango dute asteburuan. Azkoitia Azpeitia Maratoia eta lasterketa herrikoia zein Hondarribia eta Donostia batzen dituen Talaia bidea lasterketa dira horren adibide. Hilaren 19an eta 20an ere lasterketaz lasterketa ibili ziren herritarrak edo herriko taldeetako ordezkariak.

Jurramendi Trailean, esate baterako, Endika Gartziak parte hartu zuen. 45 kilometroko proba egin zuen herritarrak eta 5.48.43 denbora behar izan zuen ibilbidea egiteko.

Bestetik, Donostiako Hiru Mendiak proban ere izan ziren herritarrak. Ibilbidea osoa, bi mendi edo mendi bakarra egiteko aukera zuten 234 parte-hartzaileek. Lasarte-Oria Traileko ordezkari Asier Mendizabalek 1.16,56 egin zuen eta herritarren artean, Andoni Mujika izan zen azkarrena, 1.19,43.

Zestoako Herri kroseko 8,5 kilometroko proban Gorka Alvarezek 39,35 egin zuen eta Lasturko Ibilaldian ere izan zen ordezkaritzarik. Marc Bagesek, Iñaki Letamendik eta Javi Olazagoitiak 28 kilometro eta 1.800 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea egin zuten.