Bigarren neurketa izango da jubenil 2. mailakoa. Lehenik kadete 3. mailako finala jokatu da Lagunak eta Murumendi izango dira aurrez aurre.
Bi aste izan dituzte Intzako jubenilek partida prestatzeko. "Finala jokatzeko gogoz daude", azaldu Intzako prestatzaile Jose Felix Solanok.
Partida gogorra eta berdindua aurreikusten dute Intzako kideek. Ligan ezin izan zuten Hernaniren aurka jokatu, jokalarietako bat gaixo zegoen eta. Ligako gainerako partidak eta finalaurrekoa dituzte, beraz, Hernaniko bikotearen maila neurtzeko. Finalaurrekoan, esate baterako, Aretxabaleta 1 erraz garaitu zuen Hernanik, 22-12. Intzak Ligan emaitza bera lortu zuen Aretxabaletako bikotearen aurka.
Finalak errazak ez direnaren jakitun, "partida ona egin beharko dugu. Ongi hastea funtsezkoa izango da. Presioa ongi eramatea espero dut", onartu du Solanok.
Promozio txapelketa
Profesional mailan Axier Arteaga Arteaga II.ak ere neurketa garrantzitsuari aurre egin beharko dio.
Promozio mailako banakako txapelketa jokatzeko sailkatze fase bat egin du Baiko pilota enpresak eta herritarrak bi partida jokatu beharko ditu lehiaketan parte hartu ahal izateko. Lehenean, hilaren 25ean, Alberdi izango du aurkari. Partida irabaziz gero, Bakaikoarekin neurtu beharko ditu indarrak.
Pausoz pauso doa herritarra eta Alberdiren aurkako partida du buruan herritarrak. "Nahiz eta azken asteetan eskuetan arazoren bat izan, ondo iristen naiz neurketara. Gogotsu nago partida on bat egin eta irabazteko," onartu du Lasarte-Oriako pilotariak.