Absolutu eta junior mailako Neguko Euskal Herriko txapelketa lehiatu zen hilaren 19an eta 20an Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan. Bikain aritu ziren Buruntzaldea IKTko gazteak. Hamabi marka pertsonal ondu zituzten eta junior mailan eta Nora Imaz Igea zein Garazi Etxeberria Berasategi behin baino gehiagotan igo ziren podiumera; guztira, bi zilarrezko domina eta hiru brontzezko jantzi zituzten.
Estilo libreko probetan lortu zituzten lehen postuak. Imazek 400 m. (04.45,93) eta 800 m. (09.44) saioetan bigarren izan zen eta 200 metroko proban hirugarren (02.15,07). Hiru probetan bere markak hobetu zituen igerilari gazteak.
Etxeberriak, berriz, 50 m. (28,52) eta 100 m. (01.00,97) proba motzetan izan zen hirugarren. Alabaina, 200 m. libre (02.18,67) eta 200 m. lau estilo probetan (02.41,05) ere lehiatu zen herritarra eta lau probetan marka berriak egin zituen.
Gainerako taldekideei dagokionez, Unai G. Somovillak tximeleta estiloko 50 m. (28,87) zein 100 m. (01.08,64) probetan markak ondu zituen.
Izaro Audikanak 200 m. librean parte hartu eta 02.30,22 eginda marka pertsonal berria ezarri zuen; 100 metroko pasean ere hobetu zuen bere denbora, 01.13,24.
Eneko Elizasuk sorbaldako arazoei egin behar izan zien lehiaketan eta ezin izan zuen 200 m. libre proban parte hartu. Hala ere, 100 m. libreko proban marka pertsonal berria, 58,78, eskuratu zuen.
Marketatik gertu
Cadizen, Igeriketa egokituko Erkidego Arteko Absolutu mailako Espainiako Txapelketan ere Buruntzaldea IKTko ordezkaritza izan zen. Nahia Zudaire Borrezo gazteak Euskadiko Selekzioarekin parte hartu zuen eta S9, SB8 eta SM9 mailan lehiatu zen.
400 m libreetan eskuratu zuen posturik onena Zubietako gazteak 05.09,56 denborarekin. 100 m. libre (01.10,39) eta 200 m. estilo (03.01,92) probetan ere ez zen gaizki moldatu. Hiru probetan bere marketik gertu izan zen.
Borja Apeztegia igeri taldeko prestatzaileak azaldu duenez, "berregokitutako maila berrietan lehiatu da. Kolpe handia izan da berarentzat horretara moldatzea. Bere marka onenetatik horren gertu aritu zela ikusteak asko pozten gaitu".
Orain, 36. IDM Berlin lehiaketa prestatzeko lanean da Zudaire. Hitzordu garrantzitsua martxoaren 31tik apirilaren 3ra izango da.
Teknifikazio saioa
Horrez gain, Gipuzkoako Igeriketa Federazioak deituta, alebin mailako Mario Amantegi, Iñaki Garcia, Ibon Elola, Oihan Matute eta Amaiur Iparragirre taldekideak Donostiako Paco Yoldin izango ziren teknifikazio saio batean lanean.