Joseba Iraolak irabazi zuen lasterketa marka berria ezarriz, minutu eta 39’328 segundo. Aitor Mansok sailkapen orokorreko bosgarren postua eta CM Promo mailako hirugarrena lortu zuen.
Gidari gazteak azaldu digunez, nahiz eta saiakera bakoitzean denbora hobetu, lasterketa ez zen espero bezala joan.
"Proba baino egun batzuk lehenago, Joseba Iraolaren gomendioak jarraikiz ibilgailuan moldaketa batzuk egin genituen. Entrenamenduak eta lehen igoera ofiziala konfigurazio horrekin egin genuen baina kotxea ez zihoan ondo", adierazi du Mansok.
Azken igoerarako guztia jatorrizko modura itzuli zuten. Alabaina, Lasarte-Oriako gidariak arazoak izan zituen martxen kutxarekin.
"Azken igoera baino lehen guztia genuen modura jartzea lortu genuen eta ibilgailuak ongi erantzun zuen. Baina bidean martxen palanka trabatuta geratu zen, bosgarren martxan. Horrela egin behar izan nion aurre igoerako azken zatiari," jakitera eman du.
Ezbeharra gertatu arte, denbora ona egiten ari zen herriko gidaria. Horreagtik lehen postuetan egotea espero zuen. "Ordura arte azkar nindoan eta arazoa izan ez banu lehen postuetan egongo nintzateke. Baina azkenean, ahal izan nuen bezala amaitu eta bosgarren geratu nintzen", aipatu du.
Lan ona egin
Aitor Mansok hirugarren urtea du mendi igoeretan parte hartzen duena. Iaz ibilgailua aldatu arren, lehen postuetan sailkatu zen Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketan.
Denboraldiko lehen probako irristaldia gainditu eta aurten ere lehian egoteko prest dagoela onartu du: "Ongi ikusten dut neure burua eta ibilgailua. Praktika gehiago dut eta Euskadiko txapelketan ahal den hoberen egitea dut helburu".
Beraz, 2022 urteko denboraldiari begira BRC B49 ibilgailuari aldaketarik egin ez diola aipatu du herritarrak.
2021 urteko denboraldiaren antzera, azken urteetan nagusi den Joseba Iraola izango da aurkari nagusia lehen postuetako lehian.
Alabaina, bizkaitarra gainditzea zaila izango dela argi du herritarrak: "Iraola beste maila batera dago. Bere ibilgailuak topa dira eta zaila da horiekin lehiatzea. Baina proba batean eta bestean puntuak lortuz gero, bere aurretik egoteko aukerak egon daitezke. Ikusi beharko da nola doan denboraldia".
Pauso bat gehiago
Lasarte-Oriako gidariak aurreratu duenez Euskadiko txapelketan zazpi probetan parte hartuko du eta Nafarroan ere bi igoera egiteko asmoa du.
Aurten gainera bere ibilbidean pauso bat gehiago eman nahi duela ere aitortu du: "Espainiako lehiaketaren batera aurkeztuko gara. Bertako maila ikusteko. Posible da Galiziako proba bat izatea".
Bien bitartean, bere hurrengo igoera prestatzen ari dela aipatu du. Hitzordua apirilaren 9an izango da, Opakura igoera. Bertan lehen postua lortzea du buruan. Joseba Iraola Euskadiko txapeldunak ez du proban parte hartuko. Hala ere, lehia gogorra izango dela iragarri du.
"Joseba Iraolak Espainiako kopako proba bat du egun horren eta ezingo da lehiatu. Ez dagoela baliatuz lehen postua eskuratzea posible izango da eta txapelketarako puntuak gehitu ahalko ditut. Baina lehiakideak nola iristen diren ere ikusi beharko da", onartu du.