Herriko komertzioak TicketBai sistema euskaraz erabiltzera animatu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 23a

TicketBAI Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako proiektua da. 2022. urtetik aurrera, egoitza fiskala EAEn duten negozio guztiek erabili beharko dute fakturak sortzeko

TicketBAI sistema euskaraz instalatzeak, hizkuntza horren normalizazioan beste urrats bat egiteko aukera ematen duela azpimarratu du Euskara Zerbitzuko lehendakari Jon Antxordokik. Horretarako, erabiltzen diren aplikazio informatikoak euskaraz lan egiteko gai izan behar duela ohartarazi du. Herriko komertzioek TicketBai euskaraz erabiltzera animatu nahi ditu, eta horretarako, gutun bat bidali du udalak negozio guztietara, egitasmoak euskararen normalizazioari ekar diezazkioken onuren berri emateko.

Antxordokik, gogorarazi du herriko negozioetan euskara txertatzen laguntzeko diru laguntzak eskaintzen dituela Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuak urtero, eta hemendik aurrera, TicketBAI sistema euskaraz instalatzea ere diruz lagunduko dela (300 euroko mugarekin).

Gai horri buruzko informazio gehiago nahi duenak 943-37 61 84 telefono zenbakira dei dezake hitzordua jartzeko eta zalantzak argitzeko.