LOKEko gimnastak Oskitxo Torneoko lehen postuetan izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 23a

Garazi Gomez (ezker) eta Ambar Rodriguez (eskuin) gimnastak, LOKEko prestatzailearekin. Arg.: LOKE Gimnastika.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek ez dute atsedenik. Hilaren 19an, nazio mailako Oskitxo Torneoan herriko taldeko sei kide lehiatu ziren. Kadete, jubenil, zein senior mailan parte hartu zuten Gasteizeko San Andres kiroldegian antolatutako proban eta maila ezberdinetan lehen hamarren artean sailkatu ziren

Gainera, taldeki Ambar Rodriguez jubenila eta senior mailako Garazi Gomez podiumean izan ziren.

Rodriguezek lehen postua eskuratu zuen mazoekin egin zuen lanari esker. Gomezek, berriz, uztaiarekin egin zuen lan eta hirugarren postuan sailkatu zen.

Mirian Prieto jubenila bosgarren izan zen mazoen lanari esker. Iraia Berasarte eta Aitana Molano kadeteek uztaiarekin egin zuten lan. Molanok bederatzigarren postuan eta Berasartek hamargarren postuan amaitu zuten lehia. Azkenik, Paula Martinez seniorrak uztaiarekin lan egin eta hamargarren postua eskuratu zuen.

Oskitxo torneoan parte hartu duten LOKEko gimnastak. Arg. : LOKE Gimnastika.

Eskolarteko mailak

Eta hilaren 26an eta 27an ere hitzorduak izango dituzte. Oraingoan eskolarteko mailako gimnasten txanda izango da.

Lehena, Benjaminen Topaketa izango da Donostiako Carmelo Balda kiroldegian. Bertan Landaberri 1 eta 2 taldeak eta Aiala Jimenez gimnasta lehiatuko dira.

Eskolarteko A eta B mailako bigarren saioa, berriz, hilaren 27an antolatuko da Azpeitian. Infantil B mailako taldeak, Maitane Sarmiento zein Ane Lopez gimnastek ordezkatuko dute LOKE txapelketan. Gimnastek Gipuzkoako txapelketarako sailkapena izango dute jokoan.