Erregional Gorengo taldeak binako berdinketa lortu zuen Rotetaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 23a

Ostadarreko eta Rotetako jokalariak, baloiarengatik borrokan.

Ostadar Erregional Gorenak partida zailari aurre egin zion igoera faseko jardunaldian. Atsedenaldian 0-2 galtzen joan arren, partida berdindu zuen etxeko taldeak

Roteta, aurkaria gogorra izango zela jakitun ziren Ostadarreko kideak; aurreko jardunaldian multzoko buru den Zumaiako garaitu zuen.

Zelaira atera bezain laster donostiarren balioa ikusi zuten urdin-beltzek. "Talde sendoa eta ausarta zela eta aurrean dinamita zuela ikusi genuen", aipatu du Raul Rodriguez prestatzaileak. 

Erritmo handia ezarri zuen Donostiako taldeak eta bigarren minutuan aurreratu zen markagailuan.

Ostean, aukera ugari sortu zituzten bi taldeek. Baina garbienak Rotetak izan zituen. 20. minutuan, esate baterako, sartu ez zuten penaltia eta bost minutuetara bigarren golean amaitu zen erasoa. "Guk aukerak sortu arren, ate aurrean ez genuen zorterik izan. Horrek ez zuen animoetan lagundu", onartu du Rodriguezek.

Markagailua aurka izan arren, Ostadarreko jokalariek bigarren zatia ongi eta gogoekin hasteko aldeko emaitza lortzeko borrokatu ziren. Atsedenaldian, ordea, 0-2koa zegoen markagailuan.

Bigarren zatia aurkako emaitzarekin hasi arren, urdin-beltzek ez zuten amore eman eta partida berdintzea lortu zuten.

Azken minutuetan bi taldeak  garaipenaren gola lortzeko ahaleginetan egon ziren. Nekeak, ordea, eragina izan zuen jokalariengan eta binako berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka.

"Taldeak lan handia egin behar izan zuen batez ere lehen 45 minutuetan. Esfortzua handia izan da eta partida amaieran nekea nabaritu dute jokalariek," azpimarratu du Ostadarreko prestatzaileak.

Eskertza 

Igoera fasea hasi berri da eta azken postuan da Erregional Gorengo taldea. Alabaina, Rodriguezek azpimarratu bezala,  "puntu gutxi daude taldeen artean. Partida bat irabazi eta lehen postuetan jarri zaitezke. Ezin da jakin nola amaituko den lehia. Gainera, esperantza da galtzen den azken gauza".

Horregatik, Ostadarrek gogor lan egingo duela aurreratu du. "Beste taldeei aurre egin eta partidak zail jarriko dizkiegu aurkariei. Borrokatuko gara, ez ditugu neurketak oparituko inoiz. Eta sariak badauzkagu ongi etorriak izango dira". 

Erregional Gorengoen prestatzaileak taldeak igoera fasean egotea merezi duela uste du, "berdin dio zein postutan gauden". Eta jokalarien lana nabarmendu eta eskertu nahi izan du, "urte gogor baten eta pandemiaren etenaren ostean, igoera fasea lehiatzen ari gara. Ez da erraza  hona iristea. Balioan jarri behar dugu euren lana eta eskerrak eman".