Elkarretaratzea egin dute lasarteoriatarrek Okendon, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak deituta. Espainiako Gobernuaren azken adierazpenen ondotik etorri da deialdia; Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azaldu du Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela Sahara eta Maroko arteko gatazka gainditzeko aukera "errealistena". Jarrera hori salatu eta Saharari elkartasuna erakusteko batu dira plazan herritarrak.
Euskal Herri mailako deialdia izan da, eta komunikabidetara ere adierazpen bateratu bat bidali dute. Hori bera jaso du txintxarri aldizkariak. Hor azaldu dute Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko lurralde osotasunaren parte, deskolonizatzeko zain dagoen lurralde ez autonomoa baizik eta Nazio Batuek autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzen diotela. Gaineratu dute Espainia lurraldeko potentzia administratzailea dela, eta aldebakarreko adierazpena edo hirugarrenekiko akordioa alde batera utzita, Espainiak ezin duela bere erantzukizuna bertan behera utzi. Azaldu dute Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa babestean, Espainiako Gobernuak lege-estaldura ematen diola nazioarteko erakundeek salatutako giza eskubideen urraketei eta haien baliabide naturalen espoliazioari.
Nazioarteko ordena demokratiko eta bidezkoaren esanahia ere ekarri dute oharrera: "Herri guztiek dute bakea, elkartasuna, garapena eta autodeterminazioa izateko eskubidea. Horrek esan nahi du benetako subiranotasuna erabili behar dutela euren aberastasun eta baliabide naturalen gainean, eta askatasunez ahalegindu behar direla euren garapen ekonomiko, sozial eta kulturala lortzen". Gaineratu dute horrek ezabatu egiten dituela determinazio askerari jarritako oztopoak, okupazio kolonial eta atzerritarraren menpe bizi diren herriek duten eskubidea da. "Horixe da Saharako Herriaren nahia".
Hala, "okupatzaile marokoarrari" laguntzeko "Espainiaren legez kanpoko jarrerak", zailtasun gehigarriak dakarzkio NBEk Mendebaldeko Sahararako duen bake prozesuari.