Tximistarreta parkean eta Plazaolako ibilbidean komun publikoak eraikiko ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 22a

Agustin Valdivia alkatea eta David Mateos Hirigintza batzordeburua Tximistarreta parkeko komuna kokatuko den lekuan.

Lasarte-Oriako Udalak herriko komun publikoen sarea osatuko du. Agustin Valdivia alkateak eta Hirigintza saileko arduradun David Mateosek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, bi komun gehituko zaizkio egun zerbitzuan dauden bostei. Berriak Tximistarreta parkean eta Oztaran auzoko Plazaola bideko sarreran eraikiko dira

Herritarren eskaerari erantzunez, Lasarte-Oriako Udalak komun publikoen sarea eraiki du. Askatasunaren parkean, Atsobakarreko parkean, Zabaleta Berriko Basotxo plazan, Loidi kalean eta Basaundi auzoan daude bost martxan. Orain Tximistarreta parkean eta Oztaran auzoko Plazaola bideko sarreran ezarriko dira bi berri. Valdiviak azaldu duenez, horiekin aurreikusia zuten zazpiko sarea osatu du udalak: "Komun publikoak ezartzea erabaki genuenean, herrian zehar jende asko igaro den leku estrategikoetan kokatzeko erabakia hartu zen. Bi zerbitzu berri hauek egun dagoen sareari batzen dira eta zazpi komun publikorekin plana amaitutzat ematen dugu". 

Lasarte-Oriako Udalak Aseos Publicos Ibericos enpresari esleitu dizkio lanak eta 67.000 euro gehi BEZeko aurrekontua du kontratuak. Hiru hilabeteko epean eraikiko dira bi komunak.

Hirigintza batzordeburu Mateosek azadu duenez, gaur egun martxan dauden komunen antzeko etxolak izango dira. Erabilera mistoa duen komun itxia egongo da, "irisgarritasun arazoak dituzten pertsonei egokitua" eta kanpoaldean, pixalekua egongo da. Horrez gain, Oztaran auzoko zerbitzuak bizikletak garbitzeko gunea izango duela ere nabarmendu du: "Askatasunaren parkean edo Zabaleta Berri auzoko komunen antzera, bertan Buruntza aldetik edo inguruetatik bizikletan ibili direnei euren ibilgailua garbitzeko aukera eman nahi izan diegu. Horretarako ur mahuka bat eta bizikleta garbitzeko lekua izango dute".