Lasarte-Oriako plaza berreskuratuko du 14. Udaltopek, maiatzaren 12an eta 13an

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 22a

2018ko edizioko irudi bat.

Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? izenburupean, udaletako Euskara zerbitzuen aurtengo topaketen "helburu nagusia" izango da adin tarte horretako neska-mutilentzat "hizkuntza politika egokia antolatzeko jarraibideak" ematea. Izena emateko epea maiatzaren 3ra arte egongo da irekita, eta aurtengo aldia aurrez aurre (Manuel Lekuona Kultur Etxean, maiatzaren 12an eta 13an) zein sarean jarraitu ahalko dute partaideek.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, egitarauak "lau ardatz nagusi" izango ditu: ikuspegi orokorra, eskola, eskolaz kanpoko jarduerak eta talde lana. Aurtengo aldia ere euskararen lurralde guztietako erakundeek antolatu dute: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak; Lasarte-Oriako Udala; eta, aurten aurrenekoz, Jaurlaritzako Hezkuntza saila. Erakunde horren baitan dagoen Berritzeguneetako Hizkuntza Normalizaziorako Aholkularitza Zerbitzua batu izana da 14. Udaltopen "nobedade aipagarrietako bat". "Komenigarria, beharrezkoa eta aberasgarria iruditu zaigu antolamenduaren ikuspegia hedatzea eta hizkuntza politikaren arloan gabiltzan eragileok hezkuntzakoekin elkarlanean jardutea".

Bigarren berrikuntza lehenengoari lotuta dator, izan ere, hezkuntzako eragileak bildu nahi ditu topaketara. Hori dela eta, kultur etxean egingo den aurrez aurreko jardunaldia streaming bidezko emanaldiarekin osatuko da. "Lehenengo esperientzia izango da, baina baikor gaude. Batetik, bi urteko etenaldiaren ondoren pentsatzen dugu jendea gogotsu izango dela aurrez aurrekoa berreskuratzeko eta aspaldi ikusi gabeko lagunak agurtzeko; eta, bestetik, azken bi aldietako esperientziak erakutsi dugu badaukagula beste mota bateko publikoa, hitzaldi konkretu batean interesa izan dezakeena". Aurlezle lanak Pili Kaltzada kazetariak egingo ditu, laugarren aldiz.

Izen ematea

Arestian esan bezala, matrikulazioa maiatzaren 3ra bitarte egongo da zabalik. Aurrez aurreko edo sareko formatua aukeratu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta 65 edo 15 euro ordaindu, hurrenez hurren. Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu; bigarrena hautatzen dutenek, aldiz, jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko dute maiatzaren 9an.