Ukrainarrei laguntzen jarraitzen dute Ludotekan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 22a

Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren biktimei laguntza humanitarioa bidaltze aldera, zenbait herritar egunero ari dira elkartzen Ludotekan, materiala (elikagaiak, garbitasun produktuak, medikamentuak...) bildu eta behar gorria duten pertsonei bidaltzeko. Laguntzeko prest dagoen edonor lokal horretara joan daiteke, astelehenetik ostiralera, goizez zein arratsaldez: 11:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara.

Boluntarioek jakinarazi dute honezkero 101 kutxa bete garbitasun produktu bidali dituztela, elikagaiez jositako 95, medikamentuak dituzten 45, hamasei arropa kaxa eta produktu bota desberdinetako beste bost. "Harremanetan gaude ukrainarrekin, eta badakigu ari dela iristen guk bidalitako guztia", azpimarratu dute. Iragan asteburuan Urbil merkatalgunean "bilketa masibo bat" egin zuten, eta beste bat antolatzen ari dira; horrez gain, herriko komertzioekin elkarlanean antzeko egitasmo bat aurrera eraman nahi dutela adierazi dute.