Obra berriak egingo ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 18a

Sasoeta ikastetxerako oinezkoen sarbide berria eta Kale Nagusiko 63. zenbakitik 75.erako berritze lanak egingo dituela jakinarazi du udalak. 245.630 euroko aurrekontua izango du lehenak eta 291.000koa bigarrenak, hala iragarri du, asteon, prentsaurrean

Sasoeta ikastetxerako oinezkoentzako sarbide berria egingo du udalak; Loidibarren pilotalekuaren atzealdean dagoen pasabidetik ikastetxeko  jolasleku estalirako bidea egingo dute. Delsa Irun enpresa arduratuko da lan horietaz, eta 245.630 euroko kostua izango duela jakinarazi du Agustin Valdivia alkateak, eta  2021eko aurrekontuetan egindako parte hartze prozesuan zehaztutako obra dela. Honako eskuhartzeak egingo dituzte aurrekontuaren barruan: hormigoizko malda eta eskailerak, autobideko urak jasotzeko kanala eta LED argiteria berria.

Aipatu obrek, egunero Kalbario bidean sortzen diren auto eta jende pilaketak arintzen lagunduko dute. Hiru hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute; ikasturte berrirako lanak amaituta egongo dira. 

Kale Nagusiko obrak, hastear 
Udaleko Zerbitzuak saileko buru David Mateosek eta Agustin Valdivia alkateak aurkeztu dituzte Kale Nagusiko 63. zenbakitik 75.era egingo dituzten lanak. Zubieder enpresari adjudikatu dizkiote, 291.000 eurotan.

Valdiviak azpimarratu du "oso beharrezkoa" dela obra horiek egitea: "Herritarrek denbora zeramaten hori eskatzen, baina espero baino beranduago hasiko gara lanean, pandemiagatik". Mateosek zehaztu du kontratua sinatu eta hamabost egunera ekingo diotela Zubieder enpresako beharginek bertako lanei, eta obrek sei bat hilabete iraungo dutela. Hau da, zehazki, datozen hilabeteetan egingo dutena: garajeetan ura ez sartzeko lanak: besteak beste, zoladura kendu, berri bat jarri eta ura kanalizatzeko bide propio bat egin, estolderiatik bereizita; eta Kale Nagusia 75 zenbakian ibilgailuentzako irteera berri bat egin, eta inguruko espaloiak hobetu.

Bestalde, alkateak ezagutarazi du udalak herriko argiteria aldatzen jarraitzen duela, eta LED bonbilak jartzen. Kale Nagusiko 63. zenbakitik 75.era dauden bospasei faroletan egingo dute hori.