Amateur mailako bigarren saioan izan ziren hilaren 12an Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastak. Bergarako Labegaraieta kiroldegian antolatu zen saioan Gipuzkoako txapelketarako sailkapenak zeuden jokoan. LOKEko kideek lan ederra egin zuten sei gimnastek eta kadete taldeak lortu dute txartela.
Nabarmentzekoak dira, banakako lehiaketan jubenil A mailan eta senior B mailan lortutako lehen postuak.
Jubenil A mailan mazoekin lanean bigarren postua eskuratu zuen Miran Prietok eta sailkapen orokorrean lehen postuan amaitu du sailkatze fasea.
Senior B mailako Paula Martinezek zinta lan ederra egin zuen eta lehen postua eskuratu zuen. Sailkapen orokorrean, aldiz, hirugarren izan da.
LOKEko kadete taldea ere ederki lehiatu zen; uztai eta pilota lanarekin laugarren postua eskuratu zuen eta sailkapen orokorrean ere laugarren izan zen.
Gipuzkoako txapelketarako sailkatu dira aipatu hiru kasuak. Horiez gain, Garazi Gomez (Senior A maila), Aitana Molano eta Erika Tejero-Iraia Berasarte bikotea (Kadete B maila) izango dira finalean. Lan gogorra dute aurretik bi trenarekin lehiatu beharko baitira maiatzaren 14an, Tolosan antolatuko den hitzorduan.
Taldeak ere ederki
Hilaren 13an, berriz, taldeen txanda izan zen. Donostiako Carmelo Baldan Udaberri Torneoa lehiatu zuten LOKEko eskolarteko mailako bost taldek.
Kadete mailako LOKE gimnastek lortu zuten emaitzarik onena. Uztaiekin eta pilotekin egindako lana izan zen onena.
Lasarte-Oriako hiru talde izan ziren infantil mailako lehian; uztai lana egin zuten. CP1 taldeak bigarren postua eskuratu zuen; CMk seigarrena eta CP2k zortzigarren amaitu zuen lehiaketa.
Alebin mailako Sasoeta taldea esku hutsik eta pilotekin lan egin ostean, 30 taldeetatik zortzigarren sailkatu zen.
Asteburu honetan, berriz, LOKEko kidea batzuk Gasteizera egingo dute bidaia. Oskitxi torneoan parte hartuko dute martxoaren 19an, larunbatearekin.