Elkarteen eguneroko lana eta balioa dantza eginez aldarrikatuko dute

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 18a, 09:00
Kukukak, Erketzek eta Plaza Dantzak egingo dute dantza, Okendo plazan.

EIBE elkarteak sustatutako Elkar+Ekin Dantzan egitasmoarekin bat egin du Lasarte-Oriak: elkarteen lana ikusarazteko, 'Martxa baten lehen notak' abestiaren bertsio bat dantzatuko dute hilaren 20an, Okendo plazan, 12:00etan. "Garrantzitsuena parte hartzea da". Erketz EDTk, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak eta Plaza Dantzak gidatuko dute hiruzpalau minutuko saioa.

Herriz herri "izugarrizko lana" egiten duten elkarteen lana balioan jartzea, eurak zaintzea eta horietan parte hartzea sustatzea dira Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema elkartearen (EIBE) helburu nagusiak. Eragileen eta horietan lan egiten duten pertsonen jarduna "modu aldarrikatzaile eta alai batean" bistaratze aldera, Elkar+Ekin Dantzan egitasmoa sortu dute: Euskal Herriko 50-60 bat herritan Martxa baten lehen notak abestiaren bertsio bat –Olatz Salvador musikariak eta Bihotx taldeak sortu dute– dantzatuko dute hilaren 20an, baita Lasarte-Orian ere: Okendo plazan jarri dute hitzordua, 12:00etan. 

Erketz EDTk, Kukuka Antzerki Ta Dantza Eskolak eta Plaza Dantza egitasmoko lagunek parte hartuko dute. Xabi Fernandez de Lezeak koordinatzen du azken hori, eta Jakinarazi du muxiko erara dantzatuko dutela, eta azpimarratu parte hartzea dela garrantzitsuena: Lasarte-Oriako elkarteren bateko kideak bertaratzera gonbidatu ditu. "Ekimen hau Lasarte-Oriara ekarri dugunok ez dugu nahi inor etxean geratzerik modu horretan dantzatzen ez dakielako: pausoak ikastea oso erraza da".

"Ez dadila inor etxean geratu: pausoak ikastea oso erraza da"

Hiru helburu nagusi 

EIBE elkarteko kide Unai Lizasok azaldu dizkio txintxarri-ri Elkar+Ekin Dantzan egitasmoaren nondik norakoak. "Helburu nagusiak dira elkarteen lana balioan jartzea eta horri buruzko diskurtsoa eraikitzea; horien zaintza eta formakuntza sustatzea; eta herritarren parte hartzea bultzatzea". Azaldu duenez, "kezka" batetik dator proiektua: "Euskal Herriko altxor handiena dira eragileak eta horietan lan egiten duten pertsonak, eta errezeloa dugu ez ote den apur bat galtzen ari, gizartearen aldaketen eta teknologia berrien eraginagatik, besteak beste". Azpimarratu du "egunero-egunero" talde, klub, elkarte eta bestelakoetan lan egiten duten "milaka" pertsonek "bizitza hobetu" egiten dietela gainerako guztiei, alor askotan: euskara, feminismoa, kultura, kirola, eta abar.

Horren harira, ahalegin hori guztia "modu aldarrikatzaile eta alai batean" bistaratu nahi du EIBE elkarteak, eta dantzaren bidez egitea aukeratu du. "Komunitateetan, adierazpen artistiko hori beti egon da presente une garrantzitsuetan, eta bertako kideen harremanak sendotzeko  ahaleginetan". Hala, Euskal Herriko 50 herrik baino gehiagok bat egin dute egitasmoarekin eta, esan bezala, Martxa baten lehen notak abestiaren bertsio bat dantzatuko dute, hiruzpalau minutuz, 11:00etatik 12:30era. Bideoz grabatuko dituzte emanaldiak, eta ondoren, guztiekin ikus-entzunezko bat egingo du EIBEk. Jarduerari buruzko informazio gehiago, hemen.

"Lurra ongarritu" 

"Gaur egun bizi dugun egoeraren aurrean zer egingo dugu, zain geratu ala lurra ongarritu? Guk bigarren bideari ekin diogu", nabarmendu du Lizasok. "Harrokeriarik gabe baina harrotasunez, elkarteen eguneroko lana aitortu nahi dugu, boluntario diren askoren jarduna ikusarazi, eta erakundeei haien laguntza aitortu". Horrekin batera, uste du "funtsezkoa" dela zaintza eta formakuntza bultzatzea, "iraun dezaten eta gero eta zerbitzu hobeak eman diezazkioten gizarteari". Herriak aberasteko eta horietan bizi direnen arteko harremanak sendotzeko "funtsezko eragileak" direla esan du EIBEko kideak. "Jakina, elkarteetan lan egiten dutenak herritarrak dira, eta, horregatik, berebizikoa da haien parte hartzea sustatzea: imajinatu zer nolako Euskal Herria eraiki ahalko genukeen gutako bakoitzak gure denboraren %1a emango bagenio komunitatea trinkotzeari".