Bigarren zatian ederki borrokatu arren, puntuek ihes egin zioten Texas Lasartearrari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 17a

Kadete mailako Texas Lasartearra eta Beti Onak taldeetako jokalariak baloiarengatik borrokan.

Partida zaila zuen Kadete mailako Texas Lasartearra taldeak hilaren 12an. Beti Ona igoera faseko bigarren sailkatuaren aurka jokatu behar zuen taldea zuri-urdinak, Michelin kirol guneko zelaian

Lehen minutuetan neurketa aurka jarri zitzaion Iker Morenok zuzentzen duen taldeari. Errenteriako taldeak gola egin zuen. Gainera, presio handia ezarri eta bigarrenez baloia etxeko taldearen sarean sartu zuen.

Bigarren gol horrekin batera, partida lasaitu zen eta bi taldeek erasoan aukerak sortu zituzten. 

Texaseko jokalariek ederki mugitzen zuten baloia aurkariaren zelaian, baina azken pasean eta ate aurrean ez zuten zorterik izan. 

Beti Onakek, ordea, atsedenaldira iritsi baino lehen hirugarren gola sartu zuen.

Bigarren zatian, berriz, Lasarte-Oriako taldeak egitura moldatu zuen zelaiaren erdialdean baloiaren kontrol handiagoa izateko. Gainera, intentsitatea gehitu zioten erasoei eta ahaleginek fruitu eman zuten. Gola egin zuen Texasek.

Eta aurkaria baino kontzentratuago zeudela baliatuz talde zuri-urdinak bigarren gola ere egin zuen.

Horren ostean, Errenteriako taldea aurka egiten saiatu zen; Texasek, ordea, berdinketa gertu ikusi eta aurkaria estutuz hirugarrenez gainditu zuen aurkariaren atezaina.

Azken hamar minutuetan zelaian kaosa izan zen nagusi. Bi taldeak garaipenaren golaren lortu nahi zuten eta eraso eta kontra erasoak ugariak izan ziren.

Tamalez, Beti Onakek lortu zuen helburua eta 3-4koa ezarri zuen markagailuan.

Texaseko kadete taldea azken minutura arte saiatu zen berdinketa lortzen. Hala nola, aldeko falta jaurtiketa bat izan zuen, baina baloiak langa jo eta ezin izan zuten aldaratzea sarean sartu.

Ondorioz, Errenteriako taldeak  eraman zituen hiru puntuak.