Ostadarrek ezin izan zuen sailkapeneko buru Graficas Juaristi Zast garaitu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 16a

Ostadarreko jokalaria, erasoan.

Lau partida jarraian garaipena erdietsi ostean, Senior 1. Mailako taldeak sailkapeneko buru den Graficas Juaristi Zast taldea hartu zuen hilaren 12an, Maialen Chourraut kiroldegian. Neurketa borrokatua zirudien arren, atsedenaldiaren ostean partida irauli zuen Zarauzko taldeak.

Norgehiagoka intentsua eta gogorra espero arren, ederki hasi zuen lehen zatia etxeko taldeak. Endika Marrahik zuzentzen dituen jokalariek azkar jolasteko aukera izan zuten eta saskiraketa erosoak lortu zituen. 

Graficas Juaristi Zastek, berriz, bere jokoa egin zuen. Baloia mugitu eta lekua aurkitzeaz gain, kanpoko jaurtiketa pare bat ere sartu zituen. Horrela, hiru puntuko abantailarekin amaitu zuten laurdena zarauztarrek.

Falta ugari izan zen bigarren laurdenean eta horrek partida lasaitu zuen. Hala ere berdinketak jarraitu zuen eta Ostadarrek puntu batengatik irabazi zuen partziala (18-17). Atsedenaldira, beraz, 32-34 iritsi ziren.

Neurketako bigarren zatian indarrak berdinduta jarraituko zutela zirudien arren, Zarauzko taldea indartsu hasi zen erasoan eta errenta handitu zuen. 

Ostadarreko jokalariek ez zuten amore eman nahi eta lanean jarraitzen zuten. Graficas Juaristi Zastek defentsaren intentsitatea jaitsi zuen eta horri esker, Ostadarrek hiruko bat egin eta  bederatzi puntutara murriztu zuen aldea

Azken laurdenean, ordea, talde urdin-beltzak ezin izan zuen aurkariaren erritmoa jarraitu. Ondorioz, zarauztarrek ihes egin zuten, hala nola, azken hiru minutuetan 0-9ko partziala egin zuten. Azken emaitza 53-75 izan zen.

Endika Marrahi prestatzaileak lehen bi laurdenetan egindako lana nabarmendu du: "aurkaria geratzeko gai izan gera batez ere, zona barruan". Zarauztarren maila altua dela eta Ostadarreko 1. Seniorrak ezin izan zuela amaiera arte eutsi ere onartu du. 

Lauko finala buruan

Ligako lehen fasea amaitzeko lau neurketa falta ditu Senior 1. Mailako taldeak eta lauko finalean sartzeko, horietako hirutan garaipena erdietsi behar duela jakitun da Marrahi. 

Egun sailkapeneko bosgarren postuan da Ostadar 17 punturekin, baina gertu ditu hirugarren zein laugarren postuan dauden Goierri Ayma (19 puntu) eta CD Internacional (18 puntu). Azken horren aurka, itzuliko partida jokatu behar du gainera, apirilaren 3ko asteburuan.

Gainerako taldeei dagokionez, Senior 2. Mailako taldearen garaipena nabarmendu behar da. CD Internacional Mons gainditu zuen etxean, 63-50 eta lau partida jarraian irabazi ditu talde urdin-beltzak.