Aurten ere lau itzulietako porra antolatuko du Ostadarrek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 16a

Arg.: Ostadar SKT

Ostadar SKTk 'Aurten ere 4ak baietz!!!' txirrindularitza porra antolatu du. Lau proba izango ditu kontuan lehiaketak: Euskal Herriko Itzulia, Giroa, Tourra eta Espainiako Vuelta. 

Lau itzulietan parte hartzen duen txartelik onenak 1.600 euroko saria eskuratuko du. Horrez gain, proba bakoitzeko  lehen sailkatuak 400 euro irabaziko ditu eta bigarrenak, berriz, 200 euro; etapako irabazleak 65 euro lortuko ditu eta bost urdaiazpiko ere zozkatuko dituzte porra bakoitzeko parte-hartzaile guztien artean.

Euskal Herriko Itzulia izango da lehen proba. Apirilaren 4an  hasiko da Hondarribian eta egun horretan jasoko dira txartelak. 

Itzuliak parte-hartzaileak ezagutzera eman ostean, herritarren eskura jarriko dituzte txartelak eta txirrindularien zerrendak ohiko tabernetan. 

Azken urteetan egin modura, Internet bidez ere aukera izango da txartelak erosi eta porraren jarraipena egiteko.

Txartelak zortzi euro balioko ditu. Sari nagusian parte hartzeko lau probetan parte hartu behar da eta txartelek izen berdina izan behar dute. Gehienez, hamar txartel egin daitezke izen berdinarekin probako.

Informazio gehiago Ostadar SKTren webgunean dago eskuragarri.