Lehen seta ederki borrokatu zuen Euskal Ligako taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 15a

Ostadarreko jokalariak, aurkariaren erasoa geratzen.

Aixerrota talde "indartsuaren" aurka neurtu ditu indarrak Ostadar Boleiboleko senior taldeak, hilaren 12an, Maialen Chourraut kiroldegian. Nahiz eta lehen seta berdindua izan, talde bizkaitarrak jokoz aldatu eta etxeko taldeak ezin izan zuen partida eskuratu

Ostadarreko jokalariak fin hasi zuten neurketa. Defentsa zein erasoan sendo jokatu zuten eta setak gutxigatik ihes egin zion etxeko taldeak, 24-26.

Bigarren zatian, ordea, Aixerrotak jokoaren intentsitatea aldatu zuen eta partida bereganatu zuen. Nahiz eta Ostadarrek defentsa ona egin, eraso kopurua eta eraginkortasuna murriztu ziren. Ondorioz, aurkariak bigarren eta hirugarren setak (15-25 eta 9-25) irabazi zituen.

Asier Acuriola entrenatzaileak azaldu duenez, pozik dago taldearen lanarekin: "Joaneko neurketan, Aixerrotak ez zigun aukerarik eman. Oraingoan, lehen seta ederki borrokatu dugu".

Liga amaiera

Hurrengo jardunaldian Euskal Liga ofizialki amaitzen den arren –Arizan Gallartaren Ahotsa taldea izango du aurkari, hilaren 19an–, Ostadarrek atzeratu ziren bi partidei ere egin beharko die aurre hurrengo asteetan. Horietan, Navarvoley Fercor Serigrafias eta Ibararte taldeak izango ditu aurrez aurre. 
Boleibol taldeak ez du ezer jokoan; sailkapeneko azken postuan da eta ez du igoera jokatzeko aukerarik. Alabaina, Liga euren onena ematen amaitu nahi dute Acuriolaren jokalariek.

Gainerako taldeen emaitzei dagokionez, jubenil mailako taldeak garaipena erdietsi zuen; 2-3 garaitu zuen Hernani KE. Kadete mailako taldeak, berriz,  3-0 galdu zuen Arizmendi ikastolako A taldearen aurka.