Haurren garapen emozionalaz mintzatu zaie entzuleei

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 15a, 14:05

Ane Ablanedoren bisita izan dute Lasarte-Oriako gurasoek. Haurrei bideratutako pedagogia libreetan aditua da, eta ez da herria bisitatzen duen lehen aldia; hirugarren hitzaldia ematera etorri da. Haurren garapen emozionalaz aritu da Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan

Orohar gizakiaren eta zehazki haurren ongizatea zaintzen ez duen gizarte batean bizi garela azpimarratuz hasi du hitzaldia pedagogoak, eta hain zuzen ere, pertsonen eta haurren ongizatea erdigunera ekartzeko beharra azpimarratu du. Horretarako haurrei begiratzeko moduari direktibotasuna kentzen dio Ablanedok; eredu direktibotik aldendu nahi du. Azaldu du pertsona oro izate hutsagatik gai dela bere bizitzaren bidea zein izango den erabakitzeko: "Pertsona orok dugu, humano izateagatik soilik existentzialki garrantzitsuak diren gauzei buruz erabakitzeko gaitasuna eta eskubidea". 

Hala, haurrak hezteko eredu direktibo eta askatzailearen arteko aldeez mintzatu da gero. Azaldu du haurrak mendeko direnez, hau da, helduen beharra dutenez badirudiela direktibo izan eta ez izatearen arteko lerroa oso fina dela. Honako hausnarketa hau partekatu du hitzaldira joan diren entzuleekin: "Haurrak erabaki dezakeena errespetatzen dugun edo ez pentsatzean dago gakoa. Haurrei erabaki dezaketena erabakitzen utzi behar diegu, eta ez dezakeen horretan guk lagunduko diogu". 

Heziketa aske baten aldeko apustuan sinesten du Ablanedok, eta hain zuzen ere, hori lortzeko direktibo izateari utzi behar zaiola azpimarratu du. 

Zazpi urtera arteko heziketaren garrantzia

Hizlariaren esanetan, 0 eta 7 urteak dira pertsona baten "garapen garai sentsibleenak", orduan garatzen baita "geroko nortasunaren oinarria". Hortaz, pertsona baten ongizateak erdigunean egon beharko lukeela defendatzen jarraitu du, bereziki haurrena, eta batez ere adin tarte horretakoena. "Etorkizuneko gizarte osasungarriago baten alde ari bagara, gure buruaren jabeago izango den pertsonez osatutako gizarte baten alde ari bagara, haurtzaroan jarri behar da fokua", gaineratu du. Analisi soziologiko txiki bat gehitu dio azalpen horri: "Orain arteko gizarte eredu aurrerakoienek huts egin badute, haurtzaroak daukan garrantziari arretarik jartzen ez zaiolako da. Ez dut uste harro egoteko moduko gizartea sortu dugunik". 

Haur baten lehen zazpi urte horietatik lehen hirurak "askoz garrantzitsuagoak" direla jakinarazi du, eta lehen hiru urte horietan, lehena are gehiago: "Haurra zarenean eragin daitekeen kalte emozionala, orduan eta kaltegarriagoa izango da geroz eta haurragoa izan.  Haurren lehen urtea da bereziki zaindu beharreko urtea". 

Lehen hiru urteek amankomunean dutenaz mintzatu da gero. Garapenari begira, 0 eta 3 urte arteko adin tarteak osotasun bat dauka, orduan gertatzen baita haurraren garapen emozionala. Eta ez, ordea, psikologikoa. Hau da, azaldu du garai horretan gerta daitezkeen bizipenen aurrean ez garela kognitiboki behar bezain helduak, hau da, gertatu zaigun horri azalpen psikologiko bat emateko gaitasunik ez dela. Adibide bat jarri du: "Zazpi urterekin gerta dakioke haur bati zerbait, baina badaki hori ulertzen, eta ulertzeak babes handia ematen dio. Aitzitik, ez badut perspektiba psikologikorik, bakarrik sentituko da. Hiru urtera arte, gerta daitezkeen gauzen aurreko defentsak ez direla psikologikoak; gizaki emozionalak dira". 

Indibiduazio prozesuaren bukaeraz

0 eta 3 urte arteko garai horretan haurra oraindik ez da sinbiosia egin duen pertsonarengandik guztiz bereizi, hala azaldu du Ablanedok. Eta bere ustez, kontuan hartu beharreko baldintza da hori, haurrari mugak jartzeko: "Horrek ez du esan nahi urtebeterekin ezin daitekeenik afektuzko pertsonarengandik bereizi, baina modu lasai eta seguru batean egin ahal izateko gutxi gora behera hiru urte behar ditu haur batek". Horregatik, nabarmendu du, 0 eta 3 urte arteko adin tartea ez dela haurrek sozializatzeko garaia: "Hiru urterekin amaitzen da haurraren indibiduazio prozesua, eta orduan hasten da, modu primarioan sozializatzeko garaia. Hortik aurrera hasten da modu logikoan arau eta mugen inguruan hitz egiten hasteko garaia".