Udaleko Zerbitzuak saileko buru David Mateosek eta Agustin Valdivia alkateak aurkeztu dute egitasmoa. Azken horrek azpimarratu du "oso beharrezkoa" dela obra horiek egitea: "Herritarrek denbora zeramaten hori eskatzen, baina espero baino beranduago hasiko gara lanean, pandemiagatik". Mateosek zehaztu du kontratua sinatu eta hamabost egunera hasiko direla Zubieder enpresako beharginak bertan lanean, eta obrek sei bat hilabete iraungo dutela.
Hau da, zehazki, datozen hilabeteetan egingo dutena:
- Garajeetan ura ez sartzeko lanak: besteak beste, zoladura kendu, berri bat jarri eta ura kanalizatzeko bide propio bat egin, estolderiatik bereizita.
- Kale Nagusia 75 zenbakian ibilgailuentzako irteera berri bat egin, eta inguruko espaloiak hobetu.
Bestalde, alkateak ezagutarazi du udalak herriko argiteria aldatzen jarraitzen duela, eta LED bonbilak jartzen. Kale Nagusiko 63. zenbakitik 75.era dauden bospasei faroletan egingo dute hori.