Lopezek azaldu duenez, partida berdindua espero zuten Idiazabalgo taldearen aurka. "Norgehiagoka borrokatua espero genuen, baina Oiartzun garaitu osten, banekien taldea sendo zegoela," adierazi du.
Etxeko taldea nagusi izan zen. Prestatzailearen aburuz, denboraldiko partidarik onena egin zuen Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak: "erasoan erraz jokatu genuen eta defentsan sendo egon ginen".
Eta azken partidetan taldeak egin duen defentsa lan ederra nabarmendu du. "Zerbait lortzeko intentsitate berean egin behar dugu lan defentsan", gehitu du.
Ilusioz egingo dio aurre Lasarte-Oriako taldeak Ligako azken txanpari. "Taldeak aurrera pauso handia eman du eta maila onean dagoela erakutsi du," onartu du Lopez prestatzaileak.
Partida zailak ditu, ordea. Lehena asteburu honetan, Teep Tolosala. "Bosgarren sailkatua da. Irabaziz gero, errenta handitu eta play-offerako txartela gertuago izango dugu".
Beste bi partida garrantzitsu ere izango ditu sailkapen buru den IDK Pari Berri Donibane eta Euskaldunaren aurka. Bi neurketak Maialen Chourraut kiroldegian izango dira, bata martxoaren 27ko asteburuan, bestea maiatzaren 8ko asteburuan.
"Etxean dira partidak eta horrek gure alde egitea espero dugu. Pari Berriren aurkako hitzordua gorriz daukagu markatua. Garaitu nahi ditugu eta gure maila erakutsi. Euskaldunaren aurka, berriz, azken jardunaldian neurtuko ditugu indarrak. Egun laugarren postuan da. Denboraldian zehar asko hobetu duen taldea da eta euren aurkako neurketak politak izan ohi dira", aurreratu du entrenatzaileak.