Euskadiko Artxibo Historikoan elkartu ziren atzo Eusko Jaurlaritzako, EAEko hiru aldundietako eta Tokikok tokiko hedabideen bateraguneko ordezkariak, euskarazko komunikabideak diruz laguntzeko hiru urterako hitzarmena berresteko. Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalen hitzetan, "azpimarratzekoa" da erakundeek eta hedabideek mahai bateratu bat osatu izana: "Langaiak bertan adosteko asmoz, ibilbide emankorra izan da".
2019an aldatu zuten sektore horretako hedabideak laguntzeko eredua, eta mantendu egingo dute 2022tik 2024ra bitartean: erakundeek 11,5 milioi euro emango dizkie urtero, eta diru partida %4,4 handiagoa izango da. Jaurlaritzak nazio mailako komunikabideak, aldizkari espezializatuak, tokiko telebistak, irratiak eta hedabide digitalak lagunduko ditu. Diputazioek, berriz, bakoitzaren lurraldean publikatzen diren herri eta eskualde mailako paperezko hedabideak, tartean, TXINTXARRI aldizkaria.
"Baliabide gehiago behar dira"
Hekimen elkarteak hitzarmena berritu izanaren balorazioa egin du. Balioan jarri du sektoreak erakundeekin egin duen lanketa, eta uste du aukerak irekitzen dituela Euskal Hedabideen Mahaiak, arazo eta erronkei buruz euskal erakundeetako ordezkariekin hitz egiteko sortu baita. Edonola ere, iruditzen zaio komunikabideen beharrak asetzeko "baliabide gehiago" behar direla oraindik, besteak beste, "berrikuntza sustatzeko".