Asteon egin dute martxoko ohiko udalbatzarra

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 12a, 12:08

Hamar puntuko gai ordena mahai gainean, ia ordu eta erdiz eztabaidatu du udal korporazioak. Tartean bi mozio izan dira; oposizioak aurkeztutakoa bat, eta EAJ-rena bestea 

Hilaren 10ean bildu da udal korporazioa martxoko ohiko udalbatzarra egiteko.  2022ko otsailaren 10ean ospatutako udalbatzarraren aktaren onarpenak ireki du martxoko ohiko udalbatzarra. Horren berri eman du Lourdes Acevedo alkateordeak. Bera izan da saioa gidatzeaz arduratu dena, Agustin Valdiviak ezin izan baitu bertaratu. Inolako eztabaidarik gabe onartu dute, eta bigarren puntuari eutsi.

Lasarte-Oriako ostalaritzako jardueren osagarri diren terrazak eta mahaitxoak jartzeko jabari eta erabilera publikoko lurzorua okupatzea arautzen duen ordenantzaren hasierako onarpenaz aritu dira. Bozketari ekin aurretik EAJko Boris Nogalesek hartu du hitza. Bere alderdiak abstentzioaren alde egingo duela aurreratu du, eta nabarmendu, ostalarien parte-hartzea faltan sumatu dutela. Bozka egin dute gero eta hau izan da emaitza: PSE-EEren aldeko zazpi bozkekin eta EH Bildu, EAJ eta ELOPen zortzi abstentziorekin aurrera egin du gaiak. Bozka azalpena egiteko tartea zabaldu eta EH Bilduko Uxue Loinzek hartu du hitza. Azaldu du bere alderdia ordenantzaren irizpide orokorrekin ados dagoen arren, zenbait puntuk zalantzak eta kezkak sortzen dizkiela. Eurek ere ostalarien parte-hartzea faltan bota dutela ere azpimarratu dute. 

A.35 Zabaleta Berri HIEren plan partzialaren aldaketa, a.3.2.1, a.3.2.2 eta a.4.4 lurzatiei buruzko behin betiko onarpenaz aritu dira hirugarren puntuan. Ez du eztabaidarik eragin eta bozka egin dute zuzenean. PSE-EEk (zazpi bozka) eta EH Bilduk (hiru bozka) alde bozkatu dute, eta EAJ eta ELOP abstenitu egin dira. Aurrera egin du gaiak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2021-2023 urteetarako etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko hitzarmena sinatzea eztabaidatu dute jarraian. Inolako alderdik ez du eztabaidarako tartean hitzik hartu nahi izan, eta zuzenean bozka egin dute; aho batez onartu dute.  Bozka azalpenean ELOPeko David Aresek hartu du hitza. Azaldu du Gizarte Zerbitzuen batzordean gaia landu zutenean abstentzioaren alde egin zutela eta bozka aldatu izanaren zergatiak mahaigaineratu ditu. 

Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko dosierra, 2022/1 zebakiaz identifikatua onesteko proposamena egin du gero Acevedok. Nahikoa eztabaida sortu du gaiak. Berdintasun teknikaria kontratatzeko proposatu da kreditu aldaketa eta lanpostu horren beharra udal korporazioko alderdi guztiek nabarmendu dute. Halere, azaldu dira desadostasunak. EAJko Estitxu Alkortak, adibidez, jakinarazi du espedientea aurkezteko moduarekin agertu da kritiko. EH Bilduko Uxue Loinazek, berriz, gobernu taldearen proposamena "petatxu" bat dela eta ozen aldarrikatu ditu berdintasun ikasketak dituen teknikariaren eta sailaren beharrak. PSE-EEren aldeko zazpi bozkekin eta EH Bilduren, EAJren eta ELOPen abstentzioarekin aurrera egin du gaiak. 

Adierazpen instituzionala

Bozeramaileen batzordeak Ukrainako inbasioaren gaineko adierazpen instituzionalaren berri eman dute seigarren puntuan. Adierazpena irakurri eta zuzenean zazpigarren gaiari eutsi diote.

Gipuzkoako bide berdeak turismoa sustatzeko eta garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuari babesa emateko alkatearen proposamena landu dute. Gai horrek ere eztabaida eragin du, baina aurrera egin du. PSE-EEk, EH Bilduk eta ELOPek alde bozkatu dute, eta EAJ, aldiz, abstenitu egin da. 

Bi mozio

Mozio bana landu dituzte zortzigarren eta bederatzigarren puntuetan. Oposizioko alderdiek (EH Bildu, EAJ eta ELOP) elkarrekin aurkeztu dute lehena, Berdintasun teknikaria eskatzeko. EH Bilduko Uxue Loinaz arduratu da mozioa irakurtzeaz eta honako hau galdegin du:

  • Berdintasun teknikaria postua sortzea
  • Berdintasun teknikaria kontratatzea Lasarte-Oriako berdintasun plana abian jarri eta egikaritzeko.

Puntu horrek ere eztabaida sortu du, eta aipatu hiru alderdien aldeko bozkekin eta PSE-EEren abstentzioarekin aurrera egin du gaiak. 

EAJk aurkeztutako mozioa landu dute azken aurreko puntuan. Plazaolako bide berdea orain burutzea eskatu dute jeltzaleek eta aho batez onartu du udal korporazioak. Hauek dira jeltzaleek egindako bi eskakizunak:

  • Lasarte-Oriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziatu eta adostea, Foru Aldundiak titulartasun pribatuko Oztarango tunela eros dezan, eta, ondoren, erabilera berrirako egokitzea, beharrezko berrikuntzekin; hori uztia, Gipuzkoako lurraldean planteatzen ari diren mugikortasun iraunkorreko planen baitan.
  • Lasarte-Oriako Udalak etorkizunean azterketa bat egin dezala Plazaola inguruko lursailak erosteko eta etorkizun hurbilean Plazaolako Parke Berdea, Lasarte-Oriako birika, sortu ahal izateko.

Udalbatzarra amaitu aurretik, galdera eta erreguen tartea zabaldu dute, eta hainbat gai jarri dituzte mahai gainean, horien artean, Biyak Bat zaharren egoitza pareko zebrabidearen egoera txarra, udalaren estabilizazio plana eta eskola kontseilua. 

Beheko bideoan duzue ikusgai martxoko ohiko udalbatzar osorik