Gorputzeko atal desberdinak lantzeko saio laburrak Maialen Chourraut kiroldegian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 11

Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegian Express Saioak edo saio laburrak eskainiko dira hilabetez. Kiroldegiko abonatu zein erabiltzaileek saio hauetan parte hartu ahalko dute prezio gehigarririk ordaindu beharrik gabe.

Monitorearen gidaritzapean 20 minutuko iraupena duten saio laburrak egingo dituzte parte-hartzaileek. Gorputzaren atal ezberdinetako gihardura lantzeko ariketak egingo dira, saio bakoitzean zonalde zehatz bateko gihardura landuz:

  • CORE: Gorputz enborreko giharduran zentratuko da.
  • BEHE ATALA: Hanken gihardura lantzeko ariketetan zentratuko da.
  • GOI ATALA: Bular, sorbalda eta besoetako gihardura lantzeko ariketak egingo dira.
  • HIIT ERRONKA: Partaideei indar-erresistentzia erronkak proposatuko zaizkie.

Ariketak, intentsitate altuko entrenamendu interbalikoan oinarrituko dira, beti ere, ariketen exekuzio egokia lehenetsiz.

Saioak astelehen eta ostegunetan izango dira, 19:05ean, squash pistan. Martxoaren 14an hasi eta apirilaren 7ra arte iraungo dute.

Kiroldegiko abonatu eta erabiltzaileek parte hartu ahalko dute. Ez da aurretiko izen-ematerik behar. Kirol Zerbitzuek azaldu dutenez, taldeak hamabi pertsona artekoak izango dira eta iristeko hurrenkeraren arabera beteko dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Maialen Chourraut kiroldegiarekin harremanetan jarri behar dira interesatuak  943- 37 61 82 telefono zenbakian.