Lasarte-Oriako ordezkaritza izan da Lilaton eta Oibarko Mendi Trailean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 11

LOTMEko kide Ines Aguado Blanco, Oibarko proban.

Bi urteko etenaren ostean, 32. Lilatoia ospatu da. Herritarrek parte hartu dute lasterketan; horien artean, azkarrena Maite Salazar Badiola izan da. Oibarko Mendi Trailean, LOTMEko kide Ines Aguado Blanco hirugarren amaitu du beterano mailan

Emakumeen Nazioarteko Egunari aurre hartuz, hilaren 6an, 32. Lilatoiak kolore morez bete zituen Donostiako kaleak. Bi urteko etenaren ostean, emakumeek ere kirola egin ahal dutela ozen aldarrikatu zuten. Bost kilometoko proban 5.000 bat emakumek izena eman bazuten ere, 3.600 inguruk zeharkatu zuten Donostiako Bulebarreko helmuga. Jai giroan eta euriaren etena baliatu zutenen artean herritar ugari izan zen.

Lasarte-Oriako ordezkaritzaren barruan, zuzenketa bat ekaini beharrean gaude. TXINTXARRI aldizkariko paperean Nieves Civicos Marcos izan zen azkarrena izan zela bagenion ere. Okerreko sailkapena kontuan izan genuen. Herritarren artean, Maite Salazar Badiola izan zen lehena. Denbora ederra egin zuen gainera, 19.09 eta hamabosgarren izan zen.

Ostadar Inklusio taldeko Ane Asensio kideak ere parte hartu zuen handbike modalitatean. Bigarren aldia da gazteak lasterketa honetan parte hartzen duena eta irteeran parte hartzaileen txaloak jaso zituen.

Podiuma Oibarren

Bestalde, azken aste hauetan ere mendi lasterketak izan dira eta herritarrak eta herriko taldeetako kideak izan dira lehian.Esate baterako, Oibarko Mendiko V. Trailean lehiatu ziren Lasarte-Oria Trail taldeko Ines Aguado Blanco eta Mertxe Casa Sanchez. 

Hemezortzi kilometroko eta 850 metroko desnibel positiboko ibilbideari aurre egin behar izan zioten parte hartzaileek.

Aguado 2.07.20ko denbora eginda heldu zen helmugara eta beterano mailako hirugarren postuan bukatu zuen; sailkapen orokorrean, berriz,  zazpigarren izan zen. Casasek, aldiz, 2.17.34 behar izan zituen ibilbidea egiteko eta beterano mailako bederatzigarren postuan amaitu zuen lasterketa