Komiki ilustratu bat eta bi nobela beltz idatzi eta argitaratu ditu Txema Pikabea Bereziartua (Lasarte-Oria, 1971) herritarrak: Aura, Gritos eta Lía. Azken lan horrekin, gainera, Letrame saria irabazi du. Irakaslea da ogibidez, eta denbora librea baliatzen du idazteko. Istorio aldrebesak, tentsio puntu bat eragiten dutenak eta batez ere irakurtzen jarraitzeko gogoa pizten dutenak ditu gustuko, eta halakoekin osatu du argitaratutako azken lana. Natalia del Valle, Lía, aukeratu du protagonista, eta euren artean gurutzatzen diren hainbat kontakizunen erdian kokatu. Afizioaz galdetu dio txintxarri-k.
Irakaskuntza ofizio eta idaztea afizio?
Bai, idaztea zaletasuna-edo. Letrame saria irabazi nuenetik idazle titulua irabazi dudala ere esaten didate. Agian bilakatuko da nire ogibide, batek daki, baina honetaz bizitzea oso zaila dela uste dut. Irakaskuntza da nire ogibidea, eta idaztea hobbya; oso gustuko dut. Hobby bat baino gehiago dela esaten hasi beharko dut, agian [barrez]. Ingurukoek espektatibak ere egin dituzte, gauza serio jartzen ari da.
Bi nobela beltz eta komiki bat argitaratu dituzu orain arte. Noiztik idazten duzu? Eta zergatik nobela beltzak bakarrik?
Betidanik gustatu izan zaizkit istorio aldrebesak, gauza asko kontatzen dituztenak eta tentsio puntu batean mantentzen zaituztenak. Liburua irakurtzen zoazen heinean, bat-batean espero gabeko gauzak gertatzea oso gustuko dut. Ezaugarri horiek betetzen dituzten liburuak dira interesgarrienak niretzat. Liburu bat hartu, kapitulu bat amaitu eta hurrengoa irakurtzeko gogoa pizten dutenak. Lehen liburua [Gritos] duela hamar urte hasi nintzen idazten. Betidanik gustatu izan zait idaztea. Eguneroko bat ere idazten dut. 1988an hasi nintzen horrekin, 34 urte daramatzat hori idazten, egunero-egunero.
Irudimen bizia daukat eta edozein gertakizunekin egiten dut nire paranoia. 2015ean hasi nintzen Líaren lehen urratsak ematen, baina gerora, denbora luzez egon nintzen batere idatzi gabe. Lan hori idaztea ez da etengabeko prozesu bat izan, Idazten aritu naizen denbora pilatuta, esan dezaket bi urte behar izan ditudala Lía hasi eta amaitzeko.
2021eko irailean gainera Letrame saria irabazi zuen Líak. Sari horrek lagundu zaitu ezertan, adibidez profesionalizazioaren bidean?
Sari batek beti laguntzen du. Nire kasuan, ez profesio bilakatzen, baizik eta idazten jarraitzeko sekulako bultzada izan da. Ate asko zabaldu dizkit eta asko ikasten ari naiz. Gritos-ekin izan ez nuen mugimendu bat izaten ari naiz. Saritua izateak bestelako aukerak ematen ditu: aurkezpenak zein elkarrizketak egiteko, adibidez. Oso pozik nago. Profesionalizazioaren bidea erraz dezake sari batek, halere, oso zaila da honetaz bizitzea, eta egia esan, ez dakit nahiko nukeen ere. Presio askoz handiagoz jardun beharko nukeela iruditzen zait, dena askozaz ere neurtuagoa litzatekeela, eta niri, nire istorioak, nire erritmora kontatzea gustatzen zait. Ez dut presiopean idazten, nahi dudalako baizik. Argi daukat ez dudala gustuko ez dudan ezer argitaratuko; hala egingo banu, nire aurka joatea litzateke.
"Istorioa eta pertsonaien izaera ilunak gustatzen zaizkidanez, normalean gai ilunak ateratzen ditut, baina asmatutakoa da guztia"
Debora apur pasa da saria irabazi zenunetik. Zer suposatu zuen zuretzat sari hark?
Horrelako esperientzia bat bizitzea izugarria da. Beti daude norberaren bizitzan hainbat momentu onenak direnak, eta sariarena, horietako bat da. Nik egindako lan bat saritua izatea sekulakoa da. Zaila zait hitzez ere azaltzea, ez dut sekula asimilatuko. Estatuko sari bat da, 1.000 liburu baino gehiago aurkeztu ziren eta horien guztuen artean nireak irabazi izana...
Ez dugu spoilerrik egingo, baina esan dezakegu Lían kontakizun asko gurutzatzen direla protagonista nagusi baten inguruan. Pertsona identitate aldaketak, ustez hilda zeuden pertsonaiak bizirik daudela deskubritzea, eta abar. Gerta al dakizkioke inori hainbeste desgrazia?
Beti esaten dut pertsonen alderdi ilunak ditudala gustuko, eta uste dut gehienok daukagula alderdi ilun bat. Atseginak ez diren gertakari asko kontatzen ditut eta hori guztia fikzioa dela argi dago; asmatutako zerbait da. Zaila da pertsona berari hainbeste gauza gertatzea, bai; baina bizitza errealean gertatzen dira halako hainbat gertaera. Zenbat kasu entzuten ditugu egunero, eta beste hainbeste itzalean geratzen direnak…
Badauka ezer errealetik? Adibidez, hainbat leku izen ezagunak egin dakizkioke irakurleari.
Ez. Istorioa eta pertsonaien izaera ilunak gustatzen zaizkidanez, normalean gai ilunak ateratzen ditut, baina asmatutakoa da guztia. Hori bai, egunerokoan entzuten diren gertakizun ilun horietatik ere elikatzen ditut nire lanak. Adornatzeko erabiltzen ditut, beste modu batean jarrita, agian, modu ilunagoan. Donostia aipatzen dut eta uneren batean irakurlea koka daiteke hiri horretan, baina bertako tabernen izenak ere asmatutakoak dira, adibidez.
"Sari batek beti laguntzen du. Nire kasuan, ez profesio bilakatzen, baizik eta idazten jarraitzeko sekulako bultzada izan da"
Niri, irakurle gisa, behin baino gehiagotan eragin dit urduritasuna, tentsioa, jakin-mina Líak.
Hori da nobela beltzaren ezaugarri esanguratsuena eta lortu badut, ni pozik [barrez]. Nik idatzi dudanez, badakizkit istorioaren nondik norakoak, ez dut hainbesterainoko tentsioz bizitzen, baina egia da gai asko gogor samarrak direla eta sentimendu horiek eragin ditzaketela. Nire arrebak askotan esaten dit ea noiz idazten dudan amodio nobela bat. Funtsean, Líak ere badu maitasun istorioarekin loturarik; ama eta semearen artekoa, adibidez. Niri pasteladak ez zaizkit gustatzen.
Natalia del Valle, Lía izena du protagonistak eta hortik liburuaren izenburua. Nola erabakitzen da titulua? Hortik abiatzen duzu lana, edo amaierarako utzi ohi duzu?
Amaieran zehazten dut. Idazten hasten naizenean "liburua" titulua ematen diot Word dokumentuari, eta amaiera aldera erabakitzen dut izenburua. Gustatzen zait hitz bakarrekoa edo gehienez ere bikoa izatea, eta arreta deitzea ere bai.
Eta azalean ere protagonista ageri da.
Bai, LÍa da, gora begira, galduta sentituko balitz bezala. Azalak erakargarria izan behar du. Liburu dendan edo liburutegian liburu eskaintza zabala dago; horien guztien artean arreta deitu behar du.
Zein irakurle motari zuzenduta?
Irakurri nahi duen orori. Gustuko dudanaz idazten dut, eta hori irakurri nahi duenari zuzenduta dago. Nire inguruko jende askok jakinarazi dit izugarri gustatu zaiela.
"Betidanik gustatu izan zait idaztea. Eguneroko bat ere idazten dut; 1988an hasi nintzen horrekin, 34 urte daramatzat"
Eta zein harrera izan du?
Izugarri ona. Gritosek ona izan zuen, baina Líak… Biak irakurri dituztenen artean gustukoago izan da Lía. Hori jakinda, niri arantzatxo bat geratzen zait, nik Gritos gustukoago dudalako. Uste dut gogorragoa dela, eta hori antzeman du irakurleak. Lian, berriz, badago gogortasuna, baina samurragoa da agian. Sare sozialetan ere ezagutzen ez dudan jende dezentek idatzi dit asko gustatu zaiela esanaz.
Zergatik gaztelaniaz?
Bi arrazoigatik. Alde batetik gaztelaniaz idazteko erraztasun gehiago daukadalako; euskaldun zaharra izan arren, ikasketak gaztelaniaz egin nituen. Bestetik, publiko gehiagorengana iristeko; bestela asko mugatzen da. Galdetu didate ez ote dudan euskaraz ere argitaratuko, baina, proiektua autofinantzatua dela kontuan hartuta, ez zait bideragarria. Niri ere gustatuko litzaidake, noski euskaraz argitaratzea. Epillepsiaren gaineko komiki ilustratua, adibidez, euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu nuen.
Hirugarren lan bat ere badator bidean.
Bai, besteekin alderatuta, gainera, izugarrizko abiadura darama. Líarekin 300 orri baino gutxiago idatzi nituen ordenagailuz, eta eskuartean dudanarekin, dagoeneko, 170 edo idatzi ditut. Orain erabaki dut gehiago ez idaztea. Idatzitako inprimatu eta irakurri egingo dut. Uste dut hasiera on bat edukitzea, erdialdean indarrari eustea eta amaieran espero gabeko zerbait gertatzea garrantzitsua dela. Hirugarren lanarekin bukaera nahiko argi daukat, baina ordura artekoa ez hainbeste.