Berrogei urte lasarteoriatarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 11a, 09:10

Avenida tabernak 40 urte bete ditu lehen aldiz ateak zabaldu zituenetik. Ordutik hona pilatu dituzte oroimenean makina bat anekdota eta pasadizo, eta horiek gogora ekarri ditu urteurrenaren harira artikulu hau osatzeko Rodriguez-Ventoso familiak

40 urte ez dira egunero betetzen, eta are gutxiago gogo betez. Halaxe jardun du, ordea, ia mende erdiz Lasarte-Oriako Avenida tabernak. 1982. urtean zabaldu zituen lehen aldiz ateak. Garai hartan, Rodriguez anaiek hartu zuten negozioa; Juanek, Josetxok eta Felixek. Beste ogibide batzuetan ari ziren, baina haiek alde batera utzi, eta ostalaritzari ekiteko apustua egin zutela kontatu dio txintxarri-ri horietako batek, Juanek: "Avenida martxan zegoen, baina traspasoa egin nahi zutela ikusi zuen nire anaiak, eta animatu egin ginen. Barra atzealdea ezagutzen genuen, baina barrualdea ez, eta beldur apur batekin hasi baginen ere, begira nora heldu garen".

Josetxo eta Felix anaiek Avenidako lana uzteko erabakia hartu zutenean hasi zen Rosa Ventoso –Juan Rodriguezen emaztea– Avenidan lanean, eta berak ere ekarri ditu gogora hainbeste urtez tabernan bizitako zenbait kontu: "Lana besterik ez genuen egiten; astelehenetik astelehenera zabaltzen genuen taberna, senarrak eta biok osasun arazo batzuk izan genituenean erabaki genuen larunbat arratsalde eta igandeetan ixtea".

Artikulu hau argitaratzeko Avenidara informazio eske joan den kazetariak ikusi ditu, bat-batean, elkarri begira Rodriguez eta Ventoso, irribarrez, bizitakoak gogora ekarriz. Kontatu dute une "oso onak" bizi izan dituztela, eta hain onak izan ez direnak ere bai: "Atzera egin beharko banu, berriro ere bide berdina egingo nuke", azaldu du Ventosok. Ez dituzte bazter utzi nahi izan, tabernan hain famatuak diren haragi-bola ogitarteko eta gaupaseroen arteko pasadizoak ere.

Orain, erretiratuta daude, eta baldintza hori aprobetxatuz etortzen dira Avenidara, Yon Rodriguez semea bisitatzera, hark baitarama azken hamarkadan  negozioaren kudeaketa. "Oso harro gaude semea egiten ari den lanarekin".

Hogei urte baino gehiago, tabernan
Hemeretzi urte betetzear zituela hasi zen Avenidan lanean Yon Rodriguez. Ikasketei eusteko gogorik ez, eta gurasoekin lanean hastea erabaki zuen. 2012ra arte haiekin batera aritu zen, eta urte horretatik aurrera bera da negozioaren arduraduna. Atzera salto egin, eta ekarri ditu orduko hainbat momentu gogora; Javi Mora eta Haritz Iparragirreren laguntzarekin tabernari lehen itxura aldaketa egin ziotenekoak, adibidez. 
Gurasoek bezala, momentu on asko bizi izan dituela azpimarratu du, eta aitortu txarrak ere egon direla. Jaiotzez Altzakoa (Donostia) bada ere, lasarteoriatartzat du bere burua: "Avenida da nire etxea; bizitza erdia baino gehiago daramat hemen, bertakoekin, egunero-egunero". Hain zuzen ere, horregatik antolatu zuen 40. urteurrena ospatzeko festa hilaren 5ean; alde batetik, gurasoei egindako bide eta esfortzu guztia eskertzeko, baina baita lasarteoriatarrei eskertzeko ere: "Urte hauetan guztietan erakutsi diguten konfiantza izugarria izan da; hala izaten jarrai dezala nahiko genuke". Zortzi urte eta erdiz lankide izan duen emazte Liza Rendon ere gogoan izan du.

Konfiantza eskertzeko, festa
Taberna lepo zegoen eta lagun eta inguruko asko sarrera inguruan pilatuta; barrualdea ere hala baitzegoen. Apain-apain jarri  zuten gunea girlanda, globo eta argiekin. Giro ona ere ez zen falta izan, DJ bat arduratu baitzen musikaz. Zer jan eta zer edan, noski, ez zen falta izan.
Bertaratutakoek ilaran itxaron zuten urdaiazpiko moztaileak bere magia egin, eta platertxoa bete arte. Paella nahi zutenetako batzuek, gehixeago itxaron behar izan zuten, lehena amaitu eta bigarrena prest egon arte. Barra atzean gelditu gabe aritu ziren edariak zerbitzatzen; eta sukaldean ere ez zuten aspertzeko betarik izan.