Musika adierazpen bidea da eta abestien hitzek maiz, mezu agerikoago edo ezkutukoago bat marrazten dute. Tresna hori aukeratu du Bizipoza Elkarteak kide dituen dozena bat eragileren jarduna ezagutarazteko. Sortzaile, elkarte eta abeslari hirukoteak osatu eta elkarlanaren emaitzekin Mundu berri bat guztiontzat diskoaren bigarren zenbakia ondu du. Kanta horietako bat idazteko ardura Ane Labaka Mayoz herritarrak izan du. Mundu bat non izenekoan Etiopia-Utopia Fundazioaren asmo eta ahaleginak azaldu ditu, Demode Quartetek ahotsa jar ziezaien.
Proposamena Bizipozako kide Leire Elizegi herritarraren eskutik jaso zuen Labakak. Iaztik ezagutzen zuen egitasmoa beste sortzaile batzuek parte hartu zutelako aurreko diskoan eta "oso pozik" hartu zuen aurten berak partaide izateko gonbita. Harremanetan jarri zuten hirukoteko beste kideekin eta lehen gauza, Fundazioko ordezkariekin batzea izan zen eta kantan islatu nahi zuten horretatik abiatu zen hitzak idazteko. "Argi ikusi nuen nire funtzioa, sortzaile bezala, esan nahi zuten horri ahalik eta forma ederrena ematea zela", gogoratu du Labakak.
Onartu duenez, aurrez Etiopia-Utopiaren berri bazuen ere, ez zuen bere zeregina ezagutzen ezta Etiopiako errealitatea ere. "Hurbiltzeko modu bat izan da, elkartearen eta beraiek kontatutakoaren bidez, beraien bizipenak...".
Abstraktua, zehaztu
Bi ideia nagusi landu ditu. Batetik, erakundearen lan egiteko eta harremantzeko moduari buruzko bat: "Aipatu zidaten askotan Etiopiara joanda, zaila dela parez pareko harreman bat sortzea. Guk, gure europartasun eta zuritasunetik, gure ikuspegitik behar batzuk ikusten ditugu herrialde horietan. Beraiek justu saiatzen dira goitik beherako harreman hori eraiki beharrean ahalik eta parez parekoena izan dadila, eta beraiei galdetzen zeintzuk diren benetan dituzten beharrak, sortzen dituzten proiektuetan inplikatzen...".
Bestetik, batzuetan abstraktuegi gelditzen den GKEn lana zein den azaldu nahi izan du Labakak. Horretarako, gauza zehatzetara jo du, justu orain gerran den Tigray eskualdean aurrera daramatzan proiektuetako batzuk abestira eramanez: Uraren lanketa, hangoekin batera eraikitako ubideak edo ur biltegia; higienea eta hortzen garbiketarena; eta sortzaileari "oso interesgarria" iruditu zitzaion hilerokoaren gainekoa. "Hilerokoa tabu handia da oraindik ere eta neska gazteekin taldeak egiten dituzte beraien artean lasai hitz egin dezaten".
Kutsu afrikarra
Hirukoteen eraketa Bizipozaren erabakia izan zen, eta Elkar-ek Donostian duen estudioan grabaketa egin zuten egunean berriro batu zituzten. "Zuzenean ikusi genuen nola grabatu zuten, eta egia esan, izugarri gustatu zitzaidan". Demode Quartet taldeak jarri die ahotsa lasarteoriatarrak idatzitzako letrari. Xabier Zabalak egindako musikak kutsu afrikarreko doinuak ditu eta laukotearen ahots jokoak "oso egokiak" iruditu zaizkio Labakari. "Gozamena izan zen nola grabatu zuten zuzenean entzutea eta azken emaitza ere".
Proiektu honi esker bizitako guztiarekin "pozik" dago lasarteoriatarra, eta berriro halako zeregin baterako deituko baliote errepikatzek prest legoke, zalantzarik gabe, gainera. Kanten hitzak idaztea "asko gustatzen" zaio eta bertsolaritzaren antza badu ere, bestelako aukera batzuk ematen dizkiola azaldu du Labakak: "Bertsoen antzekoa da, baina askotan bat-bateko horretan, bertsoak ateratzen zaizkizu, ateratzen zaizkizun bezala... Abestien letren kasuan, ematea dauzkazu buelta gehiago, saiatu enkajatzen hitz egokia... Sortzeko beste modu bat da, eta gustatzen zait ere. Eta zer esanik ez horrelako proiektu baten barruan tokatzen denean sortzea".
Ahots, hitz eta asmoen batura
Bizipoza Elkartea irabazi asmorik gabeko gizartegintza ekimena da. Misio du hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Hala, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntzen die. Egun, 36 dira kide, eta haien baloreak ezagurtarazten dihardu. Horretarako tresna bat da Mundu berri bat guztiontzat diskoa.
Urtarrila amaieratik ezagutarazten joan dira abestiak, banan bana, hiruzpalau egunean behin. Protagonista diren eragileak hauek dira: Super H Elkartea, Beroa Elkartea, Bortzirietako Guztiok Taldea Elkartea, Ademgi Elkartea, Gure Nahia Elkartea, Gure Señeak Elkartea, Chernobilen Lagunak Elkartea, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioa, Sanfilippo Euskadi Vass Elkartea, Etiopia Utopia Fundazioa Tikal, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Mindara Elkartea.
Kanta guztien musika Xabier Zabalak idatzi du, hitzak, berriz, hainbat sortzaileri eskatu dizkiete: Jon Garmendia “Txuria”, Alaia Martin Etxebeste, Jon Martin Etxebeste, Sustrai Colina, Jon Maia, Onintza Enbeita Maguregi, Oihane Perea Perez de Mendiola, Andoni Egaña, Gotzon Barandiaran Arteaga, Ane Labaka Mayoz, Maialen Lujanbio, Igor Elortza Aranoa.
Eta abesteko ardura ere ahots ezagunek izan dute: Maren, Alaia Martin Etxebeste, Jon Martin Etxebeste, Estitxu, Petti, Anari Alberdi, Jon Maia, Alex Sardui, Jurgi Ekiza, Motxila 21, Francis. Doctor Deseo, Demode Quartet, AMAK, Pirritx, Porrotx eta Marimotots.