Akats eta erabaki txarrek konpondu ezineko egoera sortu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 10a

Eguzki ISU Leihoak taldeko jokalaria, erasoan.

Eguzki ISU Leihoak eta Makax Gorka Margoak taldeen arteko norgehiagoka izan zen, hilaren 4an, Maialen Chourraut kiroldegian. Etxeko taldearen lehen zatiko akatsek baldintzatu zuten emaitza; 1-7 gailendu zen Donostiako taldea 

Bi taldeak gogotsu atera ziren kantxara. Alabaina etxeko taldeko erabakiak ez ziren egokiak izan erasoan; defentsan ere akats ugari egin zituzten. Horietaz baliatuz aurkariak  aukera ugari sortu zituen eta markagailuan aurreratzeaz gain, beste hiru alditan ere sartu zuen baloia sarean.

"Atsedenaldira iritsi baino lehen, txukunago ibili ginen baita bigarren zatian ere," azaldu du Jon Arozena taldeko prestatzaileak.

Horri esker, aldea murriztea lortu zuen herriko taldeak gola eginez, baina Arozenak onartu moduan, "jada aldea handiegia zen". 

Arriskua  hartu eta atezain jokalaria ezarri zuen entrenatzaileak, baina "ezin izan ginen markagailuan gehiago hurbildu".

Donostiako taldeak beste hiru gol egin zituen bigarren zati horretan eta puntuak eskuratu zituen.

Gainerako mailetako emaitzei dagokionez, bi garaipen eta porrot bat izan zituzten Eguzkiko taldeek. 1. Mailako Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak 0-3 garaitu zuen Oiartzun eta Gazteen mailako taldeak 10-4 irabazi zuen Anoeta FT; infantil taldeak, berriz, Herrikide Kad taldearen aurka 9-5 galdu zuten.